Madrilera bidean —Radio 3 irratirako hainbat saio grabatu behar dituzte— erantzun ditu galderok Rober!-ek, Atom Rhumbako kantari eta gidariak. Gargantuan Melee (Brian's Records) diskoa kaleratu ostean kontzertu andana emango dituzte, bai Euskal Herrian eta bai kanpoan.
Inork ez dizue ukatuko lan berriko izenburuaren originaltasuna, ezta? Nondik dator melee horren ideia?
Disko bat kaleratzean saiatzen zara irudi indartsu bat aurkitzen. Irudikatzen nuen gure taldea gargantuez osaturiko melee moduko bat balitz bezala. Horrelako nahaste-borraste moduko bat baikara. Pentsatzen nuen originala izango zela irudia, baina Interneten begiratzen hasi eta ideia horiek batzen zituenik bazegoen. Dena asmatua dago!
Aldaketa nabari bat da Joseba Irazoki gitarra jotzailea taldeko kide berri izatea eta Iñigo Cabezafuego baxura igarotzea. Biak dira konposatzaileak. Nola eragin du horrek zuen lan prozesuan?
Uste dut falta zitzaigun indarra edo oldarkortasuna eman digula Joseba Irazokik eta primeran egokitu da taldera. Biak konposatzaile izanik pentsa zitekeen eskua askotan sartuko zutela kantuak egiteko orduan, baina kontrakoa izan da. Errespetu handiz parte hartu dute sorkuntza prozesuan.
Horrenbestetan erabiltzen den eklektiko izenondoa baliagarria da disko berrirako ere, ezta?
Tira, izan liteke, bai. Gustatzen zaizkidan ia talde guztiei jar dakieke etiketa hori, salbuespen gutxi batzuekin. Akaso, Ramones, Motorhead eta besteren bat. Eta horiek ere asko gustatzen zaizkit, baina, adibiderik argienak jartzearren, The Beatles, The Rolling Stones eta The Clash irekiak ziren, eta eskertzekoa da. Hala ere, ez da bilaturiko zerbait, aurkiturikoa baizik. Ez dugu estilo liburu bat; ez dago araurik. Kantu bat sortu, eta ez dut pentsatzen gure mugen barruan sartzen den. Azkenean, ni neu naiz muga eta.
Esan liteke blues-rocka dagoela zuen pieza guztien oinarrian eta gero itxura eman edo desitxuratu egiten duzuela komenientziaren arabera?
Bai, blues rocka, edo rock-and-roll klasikoa. Horiek dira gure sustraiak. Egiten dugunak uste dut oso gutxi duela modernotik. Bluesa, rock-and-rolla, musika beltza... Are, batzuetan New Yorkeko new wave-a ere aipatzen dut eragin modura, eta 30 urtetik gora igaro dira hartatik ere. Gu ere gero eta helduagoak gara...
Kaki Arkarazorekin grabatu zenuten beste behin, zuzenekoek ematen duten naturaltasun horren bila. Kantu gehienak lehen hartzean grabatu zenituzten. Horren abantailak argiak dira, baina zein dira arriskuak?
Izatekotan ere inperfekzioa da arriskua, baina niretzat, hori ez da arrisku bat. Horrelako musikan ez dauka zentzu handirik perfekzioa bilatu nahi izatea, dena tempo egokian eman nahi izatea. Rock-and-rolla da, eta askoz ere garrantzi handiagoa dauka berehalakotasunak ematen duen indarrak. Huts txikiek eta ez dute garrantzirik niretzat. Baina gainontzean, niretzako askoz ere erosoagoa da.
Stella kantuan aldaketa eder bat egiten duzu falsettotik ahots grabeago batera. Noiz eskatzen dizu abestiak falsettoa erabiltzeko?
Ez dakit. Ahotsa abestira egokitzen dut beti. Ez dago gogoeta bat; gorputzak eskatzen didana egiten dut kantu bakoitzean.
Aurrenekoz euskarazko abesti bat sartu duzue lan berrian: Istingako mutikoa. Aurrerantzean ere gehiago egiteko asmorik bai? Ez al lioke zuen errepertorioari transmisio indar eta nortasun handiagoa emango?
Ez dakit baloratzen. Akaso, eremu batean bai. Egin nahi izan dugu oraingo honetan, eta modu naturalean atera da. Onartu beharra daukat niri asko kostatzen zaidala euskaraz abestea. Ingelesez askoz ere errazago egiten dut, baina ikusiko dugu aurrerantzean zer ateratzen zaigun; gainera, gero eta gehiago gara taldean euskaldunak eta...
Badoa 2000ko hamarkada, musikaren munduan hainbeste aldaketa ekarri dituena. Zer balantze egiten duzu oro har, eta zuek talde bezala non zaudete?
Gauzak aldatu dira bai, batez ere industriarentzako. Problema bakarra diskoetxeentzako ikusten dut. Batzuk desagertu egingo dira, eta pena emango dit diskoetxe txiki batzuk desagertzeak, ze besteak ez... Guk zuzenekoetan jarri beharko dugu indarra. Uste dut inoizko formaziorik onena eta erregularrena daukagula, eta gure bizimoduak uzten digun heinean jarraituko dugu horretan.
Rober!. Atom Rhumba taldeko kantaria
«Egiten dugunak oso gutxi dauka modernotik»
Jende askok esperotako diskoa da 'Gargantuan Melee', Atom Rhumbaren lan berria, rock klasikoaren aldaera basatia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu