Egunero, 10:00etatik 13:30etara eta 16:00tik 20:00ak ingurura, entseguak izango dituzte. Juan Jose Ocon orkestrako zuzendariak azaldu duenez, igandeetan ere ez dute atsedenik hartuko: "Egun guztiak astelehenak dira guretzat". Lehen lau egunetan instrumentu guztiek aparte entseatuko dute. Horretarako, taldeka bilduko dira irakasle baten gidaritzapean. Bosgarren egunetik aurrera, guztiak zuzendariarekin bilduko dira.
Guridiren hamar euskal melodiek eta Txaikovskiren 6. sinfoniak osatuko dute aurtengo errepertorioa. Aipagarria da, urtebetetzez gainezka tokatu zaiela aurtengo ekimena. Izan ere, Guridiren hamar euskal melodiek 75 urte beteko dituzte, eta Txaikovski musikariaren 175. urteurrena ospatuko da. Errepertorio "konplexua" dela adierazi du zuzendariak, haren iritziz, Txaikovskiren sinfonia bezain zaila baita Guridiren doinuak behar bezala borobiltzea.
Gazteak lehiakortasunerako prestatzea da EGOren beste helburuetako bat. Guztiek proba bat gainditu behar izan dute orkestraren parte izateko, eta egonaldian trebeen aritzen direnek, profesionalekin batera jotzeko aukera ere izango dute. Zuzendariak azaldu du lehen egunak "gogorrak" izaten direla, baina gero gazteak lasaitzen direnean "bizitza soziala" egiten hasten direla.
Kontzertu hauek eskainiko ditu EGOk, guztiak 20:00etan:
Uztailak 19: Euskalduna Jauregia (Bilbo)
Uztailak 20: Itsas Etxea Auditoriuma (Hondarribia)
Uztailak 21: Viktoria Eugenia Antzokia (Donostia)
Uztailak 22: Principal Antzokia (Gasteiz)