Egungo gizartea sentimenduei begiratuz aztertu du Pablo Sastrek

Gaurko jendeak hainbat errealitateren aurrean sentitzen duena ikertu du 'Gizajendearen ahitzea' saiakeran

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Zer sentitzen du egungo jendeak minaren aurrean edo beldurraren aurrean? Zer, hiriaren aurrean? Zer, eskolaren aurrean edo erietxearen aurrean? Zer, Interneten aurrean? Egunero erabiltzen dituen askotariko makinen aurrean? Egunero inguratzen duten irudi are askotarikoagoen aurrean? «Orain munduan gertatzen ari diren gauzak direla-eta jendeak zer sentitzen duen» ikertu du Pablo Sastrek (Madril, 1958) Gizajenderaen ahitzea (Elkar) saiakera berrian.

Inguruaren behaketan eta gaiari buruzko argitasunak eman ditzaketen liburuen irakurketan oinarritu du jendearen sentimenduen ikerketa hori Sastrek. Irakurketei dagokienez, «aspaldiko bidelagunak» ditu liburuan aipatutako idazleetako asko, Franz Kafka, Hanna Arendt eta Ivan Illich, adibidez; lagun berriagoak beste batzuk, hala nola Pauline Melville, Wei-Wei edo Marta Haushofer eta beste asko eta asko.

Behaketari eta irakurketari gogoeta erantsita, hainbat ondoriotara iritsi da egilea liburuan. Hiriari buruzko azterketan, adibidez, honako ondorio honetara: «Hiri sistemaren aurka, nekez egin daiteke hiritik bertatik erresistentzia». Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gaia aztertu ondoren, berriz, honako hau du ondorioetako bat: «Estatua eta ekonomia nagusi diren sozietateetan hutsalak dira, noiz ez diren zoritxarrekoak, emakumeak eta gizonak berdintzeko ahaleginak».

«Irudi zaharren agortzea eta irudi artifizialen ugaritzea» da liburuan jorratutako gaien beste adibide esanguratsu bat. Peter Handkeren aipu batetik abiatu du gogoeta: «Gure begiek gauza ez-lotuak baino ez dituzte ferekatzen»; eta bere esaldi bat erantsi dio Sastrek Handkerenari: «Aspalditxo, ordezko irudien edo irudi artifizialen aurrean erresistentzia zerbait egitea planteatzea bazegoen, baina dagoeneko horrelakorik apenas ez, eta ordezko onak bilatzera laburtzen da kontu guztia».

Aurreko saiakeran, Gauzen presentzia-n (Elkar, 2007) «gauzen historia» egin zuen Sastrek, «gauzak nondik datozen, zertan erabiltzen ditugun, nola behartu garen hainbat eta hainbat gauzez...». Liburu berrian gutxiago begiratu dio historiari. Ez da hori bi liburuen arteko alde bakarra. «Aurreko liburuan, oso neure baitatik aritu nintzen. Liburu berrian, aldiz, pertsonaia bat asmatu dut, Pedro izenekoa, eta bera dateke liburu hau idatzi duena. Bere begiez ikusiko ditugu neure iritziak izan daitezkeenak. Saiatu naiz ni azaldu behar nintzen guztietan Pedro izan zedin nire tokia hartzen zuena».

Liburuaren izenburua, Gizajendearen ahitzea, egileari «azken unean bururatutakoa» da. «Lagun bati aurreko batean liburuaren izenburua zein izango zen esan nionean, komentatu zidan 'terriblea' ematen zuela. Baina ez da gauza berria. Aurten argitaratu da El naufragio del hombre (Gizonaren naufragioa) izenburua duen liburu bat, Santiago Alba Rico eta Carlos Fernandez Liriarena; orain dela zortzi urte, eskuin aldetik, Francis Fukuyamak Gizakien amaitzea idatzi zuen; eta duela urte gehiago, 1956an, nirearekin lotura estuagoa duen beste bat argitaratu zen, Gunter Andersenen Gizakien zaharkitzea».

Nolanahi ere, Joxe Miel Barandiaranek Sakanan jasotako ipuin bateko jentil baten hitzak izan ditu «benetako iturria» izenburua hautatzerakoan: «Akabau da jende humanoa eta heldu da perrua». Sastrek «humanotasuna» deitzen duena galtzen edo ahitzen ari delako ideia aspaldikoa dela erakusten du ipuinak. «Baina egiazki gauzak gero eta azkarrago aldatzen ari direnez, logikoa da humanotasunari dagozkion hainbat gauza azkarrago galtzea».

Hirugarren industria- iraultza

Azpi-izenburua ere badu liburuak: Gizon-emakumeen sentimenduez hirugarren industria-iraultzaren garaian. «Asmatu egin dut hirugarren industria-iraultzaren ideia», dio egileak. «Nik uste dut esatea badagoelaII. Mundu Gerraren ondotik beste industria iraultza bat dagoela, guk txikitan ezagutu genuena eta etxeetara hainbat eta hainbat makina ekarri zizkiguna. Humanitate ondoko aroaz ere hitz egin izan da, jadanik humanoa ez den aroaz».

Liburuaren amaieran, Kutxaaurkituko du irakurleak, hasieran «nobela luze samarra» zen arren Sastrek lau orrialde eskasetan errenditu arte laburbildu duen narrazioa, poema baten moduan lerro hautsietan emana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.