Uztailean ia egunero egin du euria. Kontzientzia bat bezala egin du, kontsolamendurik hartu ezinda. Gaur ere euria egin du. Gaur iragana da niretzat, baina berbera da belarriak, ahoa, begiak itotzen dizkidan biharamuna. Isiltasunaren nekea da etorkizuna. Eta ni neka-neka eginda nago atzo, gaur eta bihar oihu egiteaz. Hogei egun segidan egin du. Goizero pixka bat, gauero pixka bat. Arratsaldero. Joan den mendeko hilabete euritsuena izaten ari da, marka denak apurtuz. Baina nik ez dizuet literaturaz hitz egingo. Ez zait literatura interesatzen, ez zait piperrik inporta. Zer den ere ez dakit. Udazken giroa izan dela nagusi udako hilabete honetako egun gehienetan, hori da nik dakidan bakarra. Eta euriak nire logelako argiak itzali dituela. Euri-jasak. Zaparradak. Alerta horia. Zerua oso hodeitsu egon da nire eskuetan. Ez dira egun normalak izan. Ez da normala izan azken egunetako giro hotz eta goibela. Profesionalek, ordea, ez dakite zergatiak finkatzen. Profesionalek konponbiderik ez duenaz ez dute sekula ezer esaten. Nik ez dakit ezer klima aldaketaz, ezta literaturaz ere, baina badakit zergatik udan egonda horrelako euri zaparradak ikustea ez den normalena: Agota Kristof hil delako da. Gaur ostegunean antizikloia sartuko da eta horren ondorioz, termometroak gora egingo du eta eguzkia nagusituko da. Gaurtik aurrera hori izango da normalena. Eta mundu honetako tenperatura aldaketan adituak diren profesionalek aho batez onartuko dute bihartik aurrerako eguraldiaren normaltasuna. Ez dakit meteorologiaz, ezta literaturaz ere, horregatik ez dut ulertuko zergatik, nola, Agota Kristof hil ondoren, normalak izan daitezkeen eguzkia eta argia.
Agota Kristof bai da egoera animiko normal bat niretzat. Udan euria den bezalaxe. Goizero pixka bat, gauero pixka bat. Arratsaldero. 21 egun segidan.
Iritzia
Eguraldiak hobera egingo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu