Ehun hautagai baino gehiago aurkeztu dira Tabakalera zuzentzeko

Krisiaren eraginez, Tabakalerako proiektuari beste neurri bat eman beharko zaio, Garitanok dioenez

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako Tabakalerarako zuzendari bila ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta ehun lagun baino gehiago aurkeztu dira posturako. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, Tabakalerako talde berriak bertako proiektu kulturalei beste neurri bat eman beharko die, eta «berregokitu» egin beharko ditu, ekonomia krisiaren eraginez. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Tabakaleraren proiektuarekiko konpromisoa berretsi zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

EAJk egindako informazio eskaerari erantzun zion Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Izan ere, Markel Olano EAJko bozeramailea «oso arduratuta» zegoen proiektuaren «dinamismo» faltagatik. Haren ustez, Bildu Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren gobernuetan dagoenetik ez du aurrera egin. Proiektuaren atzerapenaren zergatiak azaltzean, Garitanok esan zuen koalizioa erakundeen gobernura heldu zen garaian Tabakalerako proiektuaren egoeraren eta eraikinaren arazoen ondorio dela proiektuaren geldotasuna. Azaldutakoaren arabera, garai hartan jada proiektua garatu zuen zuzendaria ez zen horren buru, eta eraikina babesteko lanak egin beharra zegoen. Izan ere, apiriletik obratan da Tabakalerako eraikina. Garai hartan proiektuaren inguruko zenbait ikuspuntu zeudela aitortu du, baina zuzendari berria topatzeko lanak abian dira jada.

Proiektu zehatzaren beharra

EAJrekin batera, Batzar Nagusietako beste talde politikoek ere Bilduren gestioa kritikatu dute, eta taldeari eskatu diote Tabakalerako proiektua zehatz dezan. PPko eta PSE-EEko kideek gogor kritikatu dute Garitanoren gestioa, eta «bere kasa jokatzea» eta «adostasun guztiak apurtzea» egotzi diote. Rebeka Ubera Aralarreko prokuradorearen ustez, bestalde, proiektuaren «bideragarritasuna» zehazteko, lehenengo jakin beharra dago «aurrera eraman nahi den proiektua zein den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.