EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdia daramaten laguntzaileen biltzar nagusiak bozkaturik, aurtengo udan EHZ festibala Lekornen iraganen da, Heleta gibelean utzirik.
Lekorneko Garroako jauregiaren inguruko bi hektarea bereganatuko ditu jaialdiak bere hiru egunetan, zati handiena Herriko Etxearen lurretan, eta beste zati bat pribatu batzuena den eremuan. Jauregia bera ez da erabilgarria haatik.
"Heletan oreka ekonomikoa aurkitzea biziki zaila egiten zitzaigun", laburbildu du Eneko Etxegarai EHZko presidenteak erabakia iragartzerakoan. Hazparnen egin dute biltzarra.
Azken urteetan dirua galtzen bazuten, 2012ko edizioa bereziki zaila egin zitzaien. 115.000 euroko galtzea pairatu behar du jaialdiak orain, eta aurtengo edizioarekin estaltzea espero dute. Bide batez, aurtengoaren aurrekontua bozkatu dute biltzar nagusian; 600.000 eurokoa izanen da.
Eguberri aitzin Lekorneko Herriko Etxekoek Lekorneko Garroako jauaregiaren inguruak bazituztela eta, EHZri tokia proposatzearen alde egin zuten beren artean. Herriak kitorik uzten dio bi hektareko lekua jaialdiari.
Beste bi proposamen bazituzten jaialdikoek: Uztaritze eta Itsasu. Bazuten betiere Heletan berean gelditzearen aukera, baina azkenean laguntzaileek Lekorne dute hautatu.
Horrekin batera, Lapurdira pasatzen da lehen aldiz jaialdia, nahiz eta Lapurdi ekialdeko lehen herria izan Lekorne, eta ondorioz, jaialdikoentzat garrantzitsua den barnealdeko jaialdi bat izaten segitu.
Jaialdiaren filosofiaren aldetik, Heletako izpirituarekin segitzekoa dutela azaldu dute.
Iaz hamazazpigarrenez egin zuten EHZ, ekainaren azkeneko hiru egunetan. 1996an izan zen lehen aldiz, Arrosan; zortzi bider egin zuten han. 2004-2008 artean Idauze-Mendin izan zen, eta 2009-2012 artean Heletan. Ikuskizunez gain, jaialdia gogoetarako gunea ere badela erraten dute antolatzaileek.