musika

EHZ, jaialdi bat baino gehiago

Euskal Herria Zuzenean indartsu eta berrikuntza ugarirekin hasiko da gaur, Heletan. Sei agertoki eta 60 musika emanaldi hiru egunetan.

Adrian Garcia.
2012ko ekainaren 29a
11:23
Entzun

Musikak eta jai giroak hartuko du asteburuan Heletako herria, Nafarroa Beherean. Dena prest dute Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalaren 17. aldiari ekiteko. Gaur hasiko da jaialdia, eta igandera bitarterako egitarau oparoa antolatu dute: 60 emanaldi eta beste sorta batzuetako hainbat ekintza. Kontzertu guztietan sartu ahal izateko sarrera 50 euroan dago salgai.

Musikari dagokionez, Euskal Herriko zein nazioarteko talde ugari batuko dira Heletan. Besteak beste, Anai Arrebak taldearen —Euskal Herria Zuzenean-eko musika lehiaketa irabazi du—, Bilboko We Are Standard taldearen eta Baionako Gojira taldearen kontzertuak ikusi ahal izango dira gaur.

Bihar, berriz, Hernaniko Esne Beltza, Eibarko Su Ta Gar, Irungo Lisabo etaIruñeko Vendetta oholtza gainean ikusteko aukera izango da.

Euskal Herriko taldeez gain, nazioarteko punta-puntako talde ugari bilduko dira. AEBetako Public Enemy, Brasilgo Sepultura, Espainiako Bebe eta Jamaikako The Abyssinians taldeak izango dira, besteak beste.

Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, zubiak eraiki nahi izan dituzte talde berri eta zaharren artean. Urteroko gisan, testu engaiatuak dituzten taldeak aukeratu dituzte. "Indarra erabil daitekeela uste dut adjektibo gisara izango diren taldeetan", azaldu du Joanes Garciak —kontzertuez arduratzen da—. 

Kalitatezko kontzertuez harago, bestelako ekitaldiak ere prestatu dituzte. Arte sorkuntzari eta Heleta eta inguruko artistei bultzada emateko xedez, Artean egitasmoa prestatu dute. Horrela, artista horiek festibaleko gunea apainduko dute. Igande arratsaldean, berriz, Behelaino antzezlana aurkeztuko dute.

Gogoetarako konpromisoa

EHZ festibala musika eta ikuskizunak baino zerbait gehiago da. Horren erakusgarri da orain hiru urte sortu zuten gogoeta sustatzeko komisioa. Komisio horren bitartez, parte hartzaileek ideia batzuen inguruan eztabaidatzea eta hausnartzea nahi dute.

Ildo horri jarraiki, Presoak Zuzenean gunea antolatu dute gaurko, 19:00etan. Euskal preso politikoen presentzia bultzatzea da asmoa. "Festibala Euskal Herriko kultur eragilea den heinean, bertako errealitateari eta gaurkotasunari atxiki behar zaio". Debekatua dago oroitzea dokumentala emango dute, eta, jarraian, eztabaidari bide emango diote. Eztabaida uhinen bidez irrati saio moduan entzun ahal izango dute presoek.

Sexualitatea eta lurraldetasuna jorratuko dituzten mahai inguruak ere egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.