Ekaitzaren osteko barealdian

Musikenek aurreko ikasturtean galdu zuen normaltasuna berreskuratu duela dio kudeaketa batzordeak

Musikeneko ikasle batzuk, atzo, arduradunek eta kazetariek ikastetxeari egindako bisitaldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gerraren osteko bakea; ekaitzaren osteko barealdia; liskar, protesta eta dimisio eskari ozen eta irmoen osteko normaltasun akademikoa. Horixe da nagusi gaur egun Musikene Goi Mailako Musika Eskolan, arduradunek atzo hainbat hedabidetako kazetariekin batera ikastetxeari egindako bisitaldiaren ondoren aditzera eman zutenez. Ekainetik, Carmen Rodriguez Suso Musikeneko koordinatzaile nagusiak dimisioa eman zuenetik, kudeaketa batzorde bat ari da ikastetxearen gidaritzaz arduratzen, eta batzorde horrek normaltasun akademikoa berreskuratzeko egin du lan udan.

Ikasketa amaierako azterketak normal egin ziren, baita sarrera probak eta matrikulazio berriak ere. 2011-2012 ikasturterako eskainitako 82 ikasle plaza berrietatik 75 bete dira; %91, beraz. Portzentaje hori ohikoa eta normala da, Patricio Goialde Musikeneko kudeaketa batzordeko kudeatzaile akademikoak azaldu zuenez, «plaza batzuetan ez delako hautagairik aurkezten, edo aurkeztutakoek ez dutelako behar den maila frogatzen». Guztira, gaur egun 333 ikasle ditu Musikenek. Horietatik %37 dira Hego Euskal Herrikoak.

Erasmus egitasmoaren bidez, tradizio musikal handiko herrialdeetako ikasleak etorri dira Musikenera, hala nola Finlandia, Alemania eta Danimarkakoak. «Helsinkiko Sibelius akademia Europako prestigiotsuenetakoa da, eta hango ikasle batek Musikenen ikastera etortzea eskatzen baldin badu, Musikenen dugun espezialitateko irakasleari buruzko interesa duelako da», esan zuen Goialdek. «Onar ditzakeen baino eskari gehiago ditu Musikenek Erasmus egitasmoaren bidez, eta askoz gehiago dira kanpotik hona etorri nahi duten ikasleak, hemendik kanpora joan nahi dutenak baino. Horrek Musikeneren kalitatearen eta gure irakasleek duten erakarmenaren berri ematen du».

Komunikazioaren garrantzia

«Lehengo egituran, boterea pertsona batengan zegoen, koordinatzaile nagusiarengan», ekarri zuen gogora Goialdek, egungo normaltasuna lortzeko egindako urratsei buruz galdetu ziotenean. «Une honetan, hiru pertsona gara eta hirurok kudeaketa kolegiatua egiten dugu. Hiruron artean hartzen ditugu erabaki guztiak, erabaki horiek edozein arlotakoak izanik ere». Goialde kudeatzaile akademikoarekin batera, Idoia Agirrek eta Alicia Gonzalezek osatzen dute kudeaketa batzordea; ekonomia eta aurrekontuen arloko kudeatzailea da Agirre, giza baliabideetakoa Gonzalez.

Lortu dena lortzeko funtsezkoa izan da, Goialderen iritziz, ikasleekiko, irakasleekiko eta ikastetxeko gainerako langileekiko komunikazioa. «Gu saiatu gara gauzak argi eta garbi esaten, diren bezala. Krisi ekonomikoan gaude, aurrekontuak murriztuta dauzkagu, eta horretaz ezin da abstrakziorik egin». Krisialdi ekonomikoa kalitatea mantentzearen aldeko apustuarekin «harmonizatzea» da kudeaketa batzordearen zeregin nagusia.

«Komunikazio onari esker, Musikeneko komunitatea benetako egoeraz jabetu da», Ariasen ustez. «Ez naiz soilik kontu ekonomikoez ari; baita lege arazoez ere. Izan dezake Musikenek naziotasun korearreko irakasle bat? Bai, baina araututako eta nahitaez bete beharreko mekanismo batzuen bitartez. Kontratu merkantilak dituzten irakasleak izan ditzake Musikenek? Ez, gaiari buruzko agintea dutenek halaxe adierazi dutelako».

Aurreko egoeraren errua soil-soilik Rodriguez Suso koordinatzaile nagusi ohiari leporatzea «bidegabea» eta «sinplista» litzatekeela uste du Arias sailburuordeak. Azken hilabeteetan Rodriguez Susok ikasleekiko, irakasleekiko eta ikastetxeko gainerako langileekiko komunikazio arazo larriak izan zituela aitortu zuen hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.