Ekintza beste erremediorik ez

Harry Crews hil da, AEBen hegoaldeko literaturaren tradizioko idazle laudatua, 'Autoa' eleberriaren idazlea

Juan Luis Zabala
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Asko dira Estatu Batuetako hegoaldeak literaturari emandako idazleak», idatzi zuen Xabier Montoiak Harry Crewsen Car eleberriaren euskarazko itzulpenarenhitzaurrean (Susa, 1993). «Hegoaldea aipatu eta, berehala, izen anitz etorriko zaizkigu gogora: William Faulkner, Flannery O'Connor, Eudora Welty eta abar luzea. Zaila da idazle guzti horiek amankomunean omen daukatena zehaztea. (...) Haien liburu bat eskuartean hartu eta gizarte baten hondamenaren lekuko dela maiz irudituko zaio irakurleari. Beltz eta zurien arteko tirabirak, nekazari txiroen iraunbizitzeko burrukak eta erlijiokeriak izango ditu irakurgai. Munstroez beteko zaizkio begiak. Eta horixe bera aurkituko du Harry Crews-en liburuetan ere. Horixe bera baina areago eramana, muturreraino. Crewsek ez ditu-eta hitz erdiak maite. Esan beharrekoa argi eta garbi, horra bere leloa. Bere pertsonaiei bezalaxe, Crewsi gordina gustatzen zaio haragia». Joan den asteko asteazkenean hil zen Harry Crews, martxoaren 28an, Gainesvillen (Florida, AEB), 76 urte zituela, neuropatia baten ondorioz, bainaegun batzuk pasatu dira heriotza horren oihartzuna Europan zabaldu den arte.

Maite zutenen oso maitea izanagatik, Harry Crews ez zen inoiz haiek opa ohi zioten bezain ezagun izatera iritsi. Honako hau idatzi zuen Montoiak Autoa-ren arestian aipatu hitzaurrean, 1993an: «Espero dezagun Harry Crewsekin ere noizbait gertatuko dela azken hilabeteetan Cormac McCarthy-rekin, hegoaldeko beste idazle handi batekin gertatzen ari dena. Azkenean bere balioa aitortu eta aspaldidanik agorturik dauden liburuak irakurlearen esku ipiniko direla ostera».

Autoa da Harry Crewsen eleberrien artean euskarara itzulia dagoen bakarra (ekarriak.armiarma.com helbidean irakur daiteke). Eleberri horretako pertsonaia nagusiak, Herman Mack-ek, auto bat piezaz pieza osorik jateko erabakia hartzen du. «Ekintzaren beharrean daude Crewsen pertsonaiak salbatuko badira», dio Montoiak hitzaurrean. «Salbazioa ordea, garestia izango zaie beti. Oinazea edota heriotza izango dute ordainean, irtenbide bakarra. Autoa jaten saiatzeaz gain, zer geratzen ote zaio bestela Herman Mack-i?».

Eduardo Mataukok eta Kristin Addisek egin zuten itzulpena. Liburuak oihartzun handia izan zuen euskal literaturaren munduan. Ez dira gutxi liburu hura oraindik ere gogoan duten idazleak.Xabier Aldaik Autoa-ren eragina aipatu zuen, oraindik orain, sari bat irabazi zuen bere ipuin bati buruz mintzatzean.

Haurtzaro gogorra

Bacon Countyn sortu zen Harry Crews (Georgia, AEB), 1935ean. Istripu eta gatazka gogorrek markatutako haurtzaroa eta gaztaroa izan zituen. 1968an argitaratu zuen aurreneko eleberria, The Gospel Singer, urte batzuk lehenago idatzia baina hainbat argitaletxeren ezezkoa jasoa. Nobela hark jaso zituen aldeko kritikek idaztera bultzatu zuten, eta nahiko emankorrak izan ziren hurrengo urteak: Naked in Garden Hills (1969), Car (1972), The Hawk is Dying (1973, Julian Goldbergerrek zinemara eramana 2006an), The Gypsy' s Curse (1974), A Feast of Snakes (1976)… Hegoaldeko idazle ezagunen eraginaz gain, Graham Greenena aitortu ohi zuen Crewsek. «Harry Crewsek parerik gabeko talentua dauka», idatzi zuen garai hartan Norman Mailerrek. «James Dickey iritsi zeneko lekua du abiapuntu».

Haurtzaroaren kontakizun autobiografikoa kaleratu zuen1978an: A Childhood: The Biografy of a Place. Bere txikitako Georgiako kontakizun gordinak bildu zituen, baina pertsonaiak epaitu gabe. «Erraza da jende txiroa mespretxatzea», idatzi zuen New York Times Book Review aldizkariko kritikariak. «A Childhood-ek zailago bihurtzen du».

Idazteari utzi zion gero, hainbat urtez, eta 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen berriro eleberriak idazten. Beste genero batzuk ere landu zituen, ipuingintza eta gidoigintza batik bat. Prentsarako zutabeak ere idatzi zituen.

Elkarrizketetan ahobizarrik gabe mintzatu ohi zen. Argi eta garbi esaten zuen, adibidez, alkohola eta legez kanpoko drogak hartzen zituela. Argazkietan, maiz erakusten zituen tatuaiak, eskuineko besoan E. E. Cummingsen Buffalo Bill's Defunct poemako zati hura erakusten zuena batik bat: «How Do You Like Your Blue-Eyed Boy, Mr. Death?» («Nola nahi duzu zure mutiko begi-urdina, Herio jauna?»).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.