Egile eskubideak

Ekki Euskal Kulturgileen Kidegoa aurkeztu dute

Euskal sortzaileen egile eskubideak kudeatzeko asmoa duen agentzia bat izango da.

Ekki sortu duten elkarteetako ordezkariak, erakundeetako ordezkariekin batera, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko otsailaren 26a
17:29
Entzun

Ekki Euskal Kulturgileen Kidegoa egile eskubideak kudeatzeko agentzia aurkeztu dute gaur, Bilbon, Euskararen Etxean, EIE Euskal Idazleen Elkarteko, EEE Euskal Editoreen Elkarteko, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko, Musikari Euskal Herriko musikarien elkarteko eta Irudika euskal irudigileen elkarte profesionaleko kideek, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako ordezkariekin batera. Euskal kulturaren munduan aspalditik dagoen eskari bati erantzunez, egile eskubideak modu “hurbilago, gardenago eta eraginkorrago” batean kudeatzeko beharra sentitzen dutelako sortu dute Ekki arestian aipatutako elkarteetako ordezkariek, Igor Estankona idazle eta agentziako idazkariak adierazi duenez.

Ekkik ez du egitura handirik izango, eta egitasmoa gauzatzeko egileengana banan-banan jotzeko asmoa du. Euskararen Etxean du egoitza. «Guri tokatzen zaigu orain euskal sortzaileei eta egile eskubideen titularrei eskaintza bat egitea», adierazi du Estankonak. Ekki ez dela beste agentzietatik «ezertan» bereizten uste du Estankonak.  "Baina baditu bereizgarri propioak, bere izaeratik bertatik. Euskal sektore kulturalak sortzaile diferenteak biltzez dituenez, gurea da leihatila bat eskubide guztiak kudeatzeko; izan gidoilariarenak, musika egiten duenarenak, ilustratzailearenak, produktorarenak, emititzen duen telebistarenak... Ekintza bakar batean erabili ahal izango litzateke sortzaile baten obra, eta ez orain bezala, hainbat ordainketa eginez SGAE, DAMA, Egeda eta besteri, esaterako".

Proiektua mamitzen 2011n hasi ziren, Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJko diputatuak egile eskubideen agentziak baimentzeko eskumena Gasteiza ekartzea lortu zuenean, eta iazko urriaren 22an sortu zuten elkartea —egun horretan argitaratu zen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian—, bezperan Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso eta gero.



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.