Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio —gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du ebazpena—, eta Igor Estankona agentziaren idazkariaren esanetan, funtzio bakarra dauka Ekkik: "Egile eskubideak bere esku uzten dituzten sortzaileen eta eskubideen titularren obra kudeatzea".
Euskal Herrian Ekkiren gisako beste agentzia batzuk ere ari dira —SGAE, Cedro, Egeda, DAMA...—, eta, Estankonaren ustez, Ekki ez da haiengandik ezertan bereizten. "Dena den, gureak baditu berezitasun batzuk, izakeratik datozenak. Euskal sektore kulturaleko sortzaile diferenteak batzen dituenez, eskubide guztiak kudeatuko dituen lehiatila bakarra izango da gurea. Gure sektore kulturalaren tamainagatik, guretzat praktikoagoa da sortzaile guztiak agentzia berean biltzea, eta ez ibiltzea, orain arte moduan, hainbat ordainketa egiten dela SGAE, DAMA edo Egedari, adibidez".
Iruditzen zaio sorrera heldu dela behar zuen momentuan; "eta euskal sektore kulturalean eskaera bat zegoelako, gainera". 2011n hasi ziren proiektua mamitzen; hain zuzen ere, "Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJren diputatuak egile eskubideen agentziak baimentzeko eskumena Gasteiza ekartzea lortu zuenean". Egin dituzte inkestak, bildu diren jendearekin. "Gu geu ere sortzaileak gara —idazlea da Estankona—, eta konturatu gara badagoela ilusioa, ikusteko ea beste beste modu batean kudeatu daitezkeen eskubideak, ea hemendik kudeatu daitezkeen, eta egiten dugun gure kulturaren neurriko agentzia bat, gure kultura zerbitzatuko duena".
Oraindik ez dute zehaztu, baina laster egingo du Ekkik lehen batzar orokorra. Formalki, baditu lehendakaria, lehendakariordea eta diruzaina, "baina sortzaile talde bat gara, eta hala nahi genuke geure burua aurkeztu".
Estankonak pentsatzen du agentziak bere profila definitzeke duela, baina konfiantzazko erakunde baten aldeko apustua egin dute: "Jendeak erakunde hurbilak, aurpegia eta begiak dituztenak, nahi dituelako. Zentzu horretan, hemengoa izateak eta bost elkarte horiek atzean edukitzeak, emango dio jende askori behar den konfiantza hori gai hain teknikoen ardura guri emateko".