Txillida familiak ez du inolako eragozpenik ikusten Kanarietako ekologistekin biltzeko, biziberritzeko itxura duen Tindayako egitasmo monumentalaz hitz egiteko. «Oraindik ez dira jarri harremanetan gurekin. Prentsaren bidez jakin dut gurekin hitz egin nahi dutela, eta gustu handiz elkartuko gara. Gure aitarentzat oso garrantzitsua zen Tindaya mendiaren ingurune guztia errespetatzea, eta proiektu honekin errespetatu eta zaindu egingo dela ziur zen. Mendiaren kanpoaldea ez da ukitu ere egingo, eta barrualdearen %0,3 baino ez da hustuko», zehaztu du Luis Txillidak, Eduardo Txillidaren seme eta familiaren bozeramaileak.
Fuerteventura irlako (Kanariak, Espainia) Tindaya mendi barrukoa bukatzeko dagoen Txillidaren egitasmo bakarra da egun. Hemezortzi urte luzez ez aurrera ez atzera egon da —ustelkeria kasuek eragindako arazo judizial ugari tarteko—, baina herenegun eskulturgilearen familiak eta Kanariar Uharteko Gobernuak sinaturiko akordioak proiektua berpiztu eta abian jarraraziko duela dirudi. Lortutako akordioaren ondoren, Paulino Rivero presidentetzat duen gobernuak bi hilabeteren aurretik deitu nahi du lehiaketa publikora, eraikuntzaren obrak aurten bertan has daitezen. 75 milioi euroko kostua du, hasiera batean, egitasmoak. Gobernuak egin beharreko tramiteak egiten hasteko asmoa agertu du, enpresa bati adjudika diezaion obrak egiteko ardura. Horrez gain, fundazio bat sortzeko ados jarri dira familiako kideak eta gobernua. Fundazio hori sei kidek osatuko dute, alde banatako hiruk, eta eraikuntza artistikoaren kudeaketaz arduratuko da.
Tindayako egitasmo monumentala berrekiteko aukera dela-eta kezka agertu du Kanarietako Ben Magec-Ecologistas en Accion elkarteak. Ekologistek salatu dute obren inguruan zalantza ugari direla, prozesu juridiko asko izan direla tartean eta ez dagoela bermaturik «ez bideragarritasun ekonomikorik ez ingurumen iraunkortasunik».
Helegiteak arauen kontra
Tindayako monumentu naturala kontserbatzeko arauen kontrako helegiteak jarrita daude gaur egun Kanarietako Auzitegi Gorenean. Ekologisten ustez, «egokiagoa» litzateke gobernuak prozesu juridikoa amaitu arte itxarotea.
Ekologistek familiarekin eta fundazioarekin harremanetan jarriko direla adierazi dute, egitasmoaren «beste ikuspuntu bat» agertzeko: «Elkarte honen iritzian, euskal artista handiaren ondarearen prestigioa eta irudi publikoa ere kalteturik gerta litezke, Kanarietako ustelkeria eskandalu handienetakoa izan baita obra horiek izan duten bilakaeran».
Kanarietako herriaren defendatzaileak proiektuaren «balioa» eta ikerketa geoteknikoa ezbaian jarri zituen 2008an, eta iaz egitasmoa gelditzearen alde agertu zen. Luis Txillidaren ustetan, ez dago ikerketa hori auzitan jartzeko arrazoirik. «Indusketetan eta azterketa geoteknikoetan espezialistak diren munduko enpresarik onenek egin dituzte ikerketa horiek, eta horiek guztiz bermatu dute proiektuaren bideragarritasuna», ziurtatu du Luis Txillidak.
Txillida familiarentzat «garrantzi handiko» egitasmoa da Tindayakoa: «Oso kontent gaude urrats berri honekin. Gure aitak harriarekin, granitoarekin eta alabastroarekin egindako lanaren bukaera gisa uler liteke... Harentzat oso egitasmo garrantzitsua zen, eta indar handia jarri zuen proiektua gauza zedin».
Ekologistekin Tindayaren babesaz hitz egiteko prest da Txillida sendia
Kanaria Uharteko Gobernuarekin protokolo bat sinatu du familiak, Eduardo Txillidaren egitasmoa berriro abiaraztekoBi hilabeteren buruan obrak adjudikatzeko lehiaketa publikora deitzeko asmoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu