Ekuazioaren erro artistikoa

Madrilgo Unibertsitateko Kalkulu Zentroan sortutako artelanak ekarri dituzte Iruñera

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Handia zen nobedadea 1966rako. 192 milioi pezeta balio zuen ordenagailu bat eman zion IBM enpresak Madrilgo Unibertsitateari, eta iraultza bat eragin zuen. Kalkulu Zentroa deitu zioten makina haren inguruan sortutako ikerketa guneari, eta informatikariak, matematikariak, arkitektoak eta artistak bildu zituen. Besteak beste, han izan ziren egun Azpirotzen (Nafarroa) bizi den Elena Asins eta Luis De Pablo musikari bizkaitarra. Manuel Barbadillo sevillarra izan zen, hala ere, ordenagailu hura erabili zuen lehen artista. Mundu berri bat zen hura, eta garai hartako bere idatzietako baten titulua da horren froga:«Margolari baten esperientziak tresna berri batekin». Zentro hartan ibilitakoen sorkuntza artistikoak ekarri dituzte orain Iruñeko Rodezno Kondeko erakusketa aretora, Zenbakizko kalkulutik sormen irekira, Madrilgo Unibertsitateko Kalkulu Zentroa izeneko erakusketan. Urriaren 31ra arte egongo da ikusgai bilduma.

IBMren ordenagailu erraldoi haren argazki bat da bisitariak sartu eta berehala ikusten duen lehen irudia, eta aretoz areto antolatu dute gero erakusketa. Forma abstraktu eta konposizio simetrikoak dira nagusi lehen zatian, baina bada umorerako tarterik ere. Emakume bat ageri duen erretratu klasiko bat badago. Olioa, mihise gainean. Ohikoa. Kalkulu Zentroko artista batek esku hartze txiki bat egin zuen haren gainean, ordea: zenbakiz betetako kalkulu orri bat jarri zion eskuetan XIX. mendeko emakume hari.

Forma abstraktuak eta konposizio simetrikoak dira nagusi gero. Seriean egindakoak diruditen irudiak, mugimendua irudikatzeko eskultura piezekin egindako bariazioak, M. C. Escher artistaren ezinezko perspektibak gogora ekartzen dituzten Jose Maria Yturralderen irudiak... Sorkuntza lan horietara heltzeko artistek egindako kalkulu matematikoak ere erausten dituzte zenbaitetan horman zintzilikatutako paneletan.

Ignacio Gomez eta Guillermo Searle sortzaileei eskainitako aretoa da artearen eta matematikaren arteko harreman hori argien agertzen duena. Arkitekturaren hizkuntza eta matematikaren lengoaia uztartzen dituzte sortzaileok beren lanetan. Gramatika bat sortzea zen haien asmoa, eta patio gotikoen hizkuntza arkitektonikoa aztertu zuten horretarako. Zenbaki bilakatzen zituzten patio horiek, eta, datu horiek bilduta, patio berriak eraikitzen zituen ordenagailuak.

Bisitariaren parte hartzea

Koadroak dira erakusketan bildutako sorkuntzarik gehienak, baina badira eskultura batzuk ere. Luis Lugan artistarenak, esaterako. Bisitariaren parte hartzeak aktibatzen ditu haren piezak. Bada taula baten gainean zintzilik den metal tutuz osatutako lan bat, adibidez. Zintzilik diren lau zilindro baino ez dira lehen begi kolpean, baina, haiei aurrera eta atzera eraginez gero, musika eta argiak sortzen dituzte. 1970eko hamarkadako Elena Asinsen bi lan ere badira areto horretan. Euskal dolmenei egiten die erreferentzia tituluak.

Ez dira pieza zaharrak, ordea, erakusketako guztiak. Bi pieza garaikide ere badira Lugan eta Asinsenen ondoan. Bisitariak aktibatzen ditu horiek ere. Kalkulu Zentroak irekitako esperimentazio bideek oraindik ere zabalik jarraitzen dutela erakutsi nahi izan du horrekin erakusketaren komisarioak. Aramis Lopez izan da ardura hori hartu duena, eta, dioenez, artistaren eta zientzialariaren arteko mugak lausotzea ere izan da bere asmoa. «Informatikari batek sortutakoa da bi pieza horietariko bat, eta artista batek egindakoa bestea. Ezinezkoa da, ordea, zeinek zein egin duen zehaztu ahal izatea».

Iruñean ere erakutsi zituzten Madrilen egindako lan haiek. 1972an Nafarroako hiriburuan antolatutako Artisten Topaketetan gertatu zen hori. Garai hartako abangoardiaren puntako hainbat sortzaile bildu zituzten jardunaldi haiek; John Cage musikari esperimentala, kasurako. Eta beren piezak erakusteko ere baliatu zuten aukera hura Kalkulu Zentroan ibilitako hainbatek: Jose Luis Alexanco, Luis Lugan, Juan De Pablo, Ignacio Gomez de Liaño... Esperientzia horren berri ere eman nahi izan dute erakusketan, eta horregatik eskaini diote areto bat TVE Espainiako telebista kateak 1972an jardunaldi haien inguruan egindako dokumentalari.

Ekuazio eta pintzel artean aritu ziren sortzaile haien lana gogora ekartzea ere bada erakusketaren helburua, eta garaiko hainbat protagonista elkarrizketatu dituzte horretarako. Aretoz areto sakabanatutako pantailetan entzun ditzake bisitariak haien azalpenak. Alexanco margolariaren hitzek ematen dute, adibidez, Kalkulu Zentroak bere sorkuntzan izan zuen eraginaren berri: «Haren ondoren pinturara itzuli nintzen, bai, baina guztiz era ezberdinean».

Partitura matematikoak

Bada erakusketaz gainerako proposamenik ere. Musika emanaldi berezia egingo zuten atzo 4an Nafarroako Museoan. Madrilgo Unibertsitateko Kalkulu Zentroak antolatutako Arte eta Informatika jardunaldietan sortutako hainbat musika pieza eskainiko zituen Nafarroako Orkestra Sinfonikoak. Musikaren aplikazio matematikoetatik, eta matematikaren aplikazio musikaletatik sortutako piezak dira haietariko batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.