Stieg Larsson idazleak nekez imajinatzen ahalko zuen bere Millennium trilogiak XXI. mendeko hasieran lortu behar zuen ospea eta arrakasta. Idazle eta kazetari suediarra 2004ko azaroan hil zen, artean ere saileko liburuetako lehena argitaragabe zegoenean. Hurrengo urtean ikusi zuen argia Män som hatar kvinnor eleberriak (Emakumeak maite ez zituzten gizonezkoa). Sorterritik liburuaren arrakasta Europa osora zabaldu zen, eta handik munduko herrialde askotara. Hiru liburukoteek sekulako harrera izan zuten, gertaera soziala bilakatzeraino; garai batean, halako prestigio kontua bihurtu zen garraio publikoetan liburu potolo horietako bat nabarmenki esku artean izatea.
Millennium saila idatzi zuenerako, Larssonek ibilbide luzea egina zuen ikerkuntza kazetaritzan. Bere herrialdeko neonazi eta muturreko talde nazionalisten inguruan egin zituen ikerketek ezagun egin zuten Suedian, eta mehatxuak jaso ere egin zituen. Joera ezkertiar garbia zuen Larssonek, eta bere kazetari lanean Suedian gertatzen ari ziren bidegabekeria asko salatu zituen.
Hura hil ostean, bataila itsusia gertatu zen hark idatzi zituen lanen gaineko eskubideen gainean. Ez da txorakeria jokoan dagoena; izan ere, Millennium sailak 70 milioi ale saldu ditu 50 herrialdetan, eta horri zinemarako eskubideak eman dituen sosak gehitu behar zaizkio.
Telebistatik zinemara
Lehen zinemaratzea Suediatik bertatik ailegatu zitzaigun. Berez, telebistarako sail labur gisaegin zen trilogiaren moldaketa, baina ordurako liburuaren arrakasta komertziala horren handia izanik, azkenean telesaila moldatu eta hiru pelikula ailegatu ziren Europako zinema aretoetara. Esan beharrik ez dago horiek ere harrera komertzial ezin hobea izan zutela.
Niels Arden Oplevek zuzendu zuen lehena, Män som hatar kvinnor; protagonista lanetan orduan ezagunak ziren bi aktore aritu ziren: Michael Nyqvist, Mikael Blomkvisten larruan; eta Noomi Rapace, Lisbeth Salanderrenean. Bietatik Rapace da hobekien aprobetxatzen ari dena Millennium suediarrak eman zion aukera; esate baterako, berriki Guy Ritchieren Sherlock Holmes pelikulan parte hartu du. Daniel Alfredsonek zuzendu zituen saileko beste bi pelikulak.
Europaren ondoren, Larssonen eleberrien oihartzuna AEBetaraino ailegatu zen, eta Hollywooden mundu osoko gertaerasoziologiko-literarioari probetxu handiagoa ateratzeko modua ikusi zuten. Suediako pelikulak 2009koak izan arren, ez zuten batere erreparorik izan haien remake bat prestatzen hasteko. Azken finean, Suediakoak telesail moldatuak baino ez ziren, eta bertsio estatubatuarrean moldaketa guztiz zinematografikoa egin nahi izan zuten.
Askoren harridurarako, prestigio handiko zuzendari batek hartu zuen horren ardura, David Fincherrek. The Social Network-ekin arrakasta handia lortu berria zuen zinemagileak, eta askotan esana zuen berak ez zuela sekula remake bat eginen. Bere hitza jan eta Millennium: The Girl with the Dragon Tatoo egin du Fincherrek. Pelikula itxia da, ez trilogiaren lehen atala, oraindik ez baitago argi Millennium sailaren bertsio estatubatuarrak segida izanen ote duen, eta hala izatekotan, Fincherrek segituko ote du horrekin.
Suedian filmatu dute Millennium: The Girl with the Dragon Tatoo, eta bertako aktore askok hartu dute parte bigarren milako roletan. Baina rol protagonistetarako bestelako aktore batzuk aukeratu dituzte. Daniel Craigek James Bond aldi baterako aparkatu eta Mikael Blomkvistena egin du. Lisbeth Salander, berriz, Fincherrek bere aurreko pelikulan deskubritu zuen aktore gazte bat da: Rooney Mara.
'MILLENNIUM: THE GIRL WITH THE DRAGON TATOO'
Zuzendaria: David Fincher.
Aktoreak: Daniel Craig, Rooney Mara, Christopher Plummer, Stellan Skarsgaard, Robin Wright Penn, Steven Berkoff, Yorick van Wageningen, Goran Visnjic, Geraldine James.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2011.
Iraupena: 158 minutu.
Estreinaldiak: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta hurrengo asteazkenean Ipar Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Eleberri arrakastatsuaren bertsio estatubatuarra
David Fincherrek zuzendu du 'Millennium: The Girl with the Dragon Tatoo', Stieg Larssonen trilogiaren aurreneko atalaOraindik ez dago argi jarraipenik izango duen nobelaren Hollywoodeko bertsioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu