Eleberrigile estimatuen itzulera dakar udazkenak

Koldo Izagirrek, Harkaitz Canok, Joan Mari Irigoienek eta Joxean Agirrek nobela berriak kaleratuko dituzte hurrengo hilabeteetan Azken urteetako kopuruei eutsiko die argitalpen kopuruak genero gehienetan

Koldo Izagirre, Harkaitz Cano eta Amaia Iturbide. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ezin da erabateko ziurtasunez esan oraindik, baina badirudi aurten ere ez dela iritsiko plazara Martutene, Ramon Saizarbitoriaren nobela berria, egileak aspaldi amaitua eta zuzenketa eta gainbegiraketa prozesuan daukana. Ez da, behintzat, Ramon Saizarbitoriaren izenik ageri argitaletxeek udazkenean kaleratuko dituzten liburuen berri emateko osatu dituzten zerrendetan. Oraindik ere ia hiru hilabeteko tartea dago Durango Azokarako, eta litekeena da tarte horretan zerrendetan hainbat aldaketa izatea.

Beste bi nobelagile ezagun, laudatu eta estimaturen itzulera ekarriko du, haatik, aurtengo udazkenak: Koldo Izagirre eta Harkaitz Canorena. Duela zazpi urte argitaratu zuen Canok orain hurrengoko nobela, Belarraren ahoa; duela hamabi urtekoa da Izagirrerena, Agirretar zaharraren kartzelaldi berriak.

Oraindik ere nork bere nobelarekin borrokan ari dira —gogor samar ari ere, diotenez—, hala Izagirre nola Cano, baina Susa argitaletxeko editoreei garaiz amaituko dutela agindu diete. Egarri egunak portualdean izango da, azken orduko aldaketarik ezean, Izagirreren nobelaren izenburua. Portu industrial baten inguruan girotutako kontaketa izango da, 1976 eta 1977 urteetan kokatua, ez oso luzea, 100 orrialde ingurukoa.

Canoren nobelak Twist izango du izenburu, eta «suplantazioa» ardatz nagusi, egileak dioenez, «nortasunaren eraikuntzarako erabiltzen ditugun estrategiak, nola zurrupatzen diguten gurea eta nola defenditzen garen zurrupatze horretatik guk ere besteenak zurrupatuz». Idazle-itzultzaile bat da protagonista, 80ko hamarkadako gerra zikinaren baitan bahitu, torturatu eta erail zituzten lagunen oroitzapenarekin eta justizia nahiarekin obsesionatua. «Justizia nahi hori lagunak berpiztearekin nahasten du, eta haien ordez bizitzen saiatzen da batzuetan».

Joan Mari Irigoien eta Joxean Agirrek prest izango dituzte beren nobela berriak Durangoko Azokarako, Zwei Frauen (bi emakume) eta Ur arreak, ur garbiak hurrenez hurren, Elkar argitaletxeak hilaren hasieran iragarri zuenez.

Literaturarekiko eta emakumeenganako pasioek bat egiten dute Agirreren nobelako protagonista izengabearengan, Elkar argitaletxeak aurreratu duenez. «Gaztetxotan hasi eta zahartzaroaren atarian, maite dituen andreenganako hainbat esperientzia azalduko dizkigu lau ataletan, miresten dituen beste hainbat idazleren imitazioak egitearekin bat». Agirrek Augustin Zubikarai bekaren laguntza izan du nobela idazteko.

Irigoienek Nafarroako Urgain alegiazko herriaren berri ematen du Ur arreak, ur garbiak nobelan. Urtegi handi baten azpian ezkutatua dago Urgain, baina han bizi izandakoek ez dute ahaztua. Txikitan lagun izandako herritarrak biltzen dira, eta bazkalosteko solasean garai bateko Urgainen ezagututako ohiturak, pertsonaiak eta gertakariak ekartzen dituzte gogora.

Bi nobelagile berri

Asel Luzarraga eta Aitor Arana ere nor bere nobela berriarekin joango dira Durangora. Luzarragaren nobelak, nahiz eta fikziokoa izan, Txilen izandako atxiloaldia du oinarri nagusi. Aranaren nobelak, berriz, Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua nobela du abiapuntu. Azken urteetan ohikoa den bezala, nobelagile berririk ere izango da udazken honetan plazan. Joseba Lozano eta Gaizka Zabarteren kasua da. Argiaren Erreinua lehen nobela badu ere, Lozanok Donostia Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuen 2005ean, Hasperenka lanarekin.

Gainerako generoek azken urteetako argitalpen kopuruei eutsi diete gutxi gorabehera, eta antzerkigintzak jarraituko du ahulena izaten, Alaitz Olaizolaren Sekretuen lapurra —haur eta gazte literaturakoa— baita genero horretan iragarritako obra bakarra.Ipuingintza euskal literaturan tradizio handia duen generoa izan arren, azken urteetan ipuin liburu gutxixeago argitaratzen ari dira, nobelekin alderatuz gero bederen.

Poesiak azken urteetako neurriari eusten diola esan daiteke. Udazkeneko poema liburu berriei erreparatuta, aipagarria da Amaia Iturbideren itzulera. Seigarren poema liburua izango du Eszenatokietako aztarnak hasten direnean, eta lau urte dira orain hurrengokoa, Labirintoaren orduak, kaleratu zuenetik. Gainerako poema liburuak egile gazte baina dagoeneko ezagunenak dira gehienak.

Sarrionandia berrargitaratua

Liburu berririk gabe ere —oraingoz ez da halakorik ageri zerrendetan—, Joseba Sarrionandiak interes handia piztu dezaketen bi berrargitalpen kaleratuko ditu. Litterae Vasconiae-k (Elkar) Sarrionandiaren 80ko hamarkadako hiru ipuin liburuetako narrazioak biltzen ditu, goitik behera berrikusi eta zuzenduta: Narrazioak, Atabala eta euria; eta Ifar aldeko orduak; horretaz gain, ordea, orain artean inoiz argitaratu gabeko ipuinak ere biltzen ditu liburuak, gazterik idatzitakoak, atxilotua izan aurretik.Susa argitaletxeak, berriz, Kartzelako poemak argitaratuko du, 1992an argitaletxe berak kaleratutako Gartzelako poemak bildumaren berrargitalpen eguneratua.

Saiakeraren arlo zabal eta beti oparoan, Inazio Mujikaren Xabier Lete. (Auto)biografia bat da libururik aipagarrienetako bat. Xabier Letek hainbat hedabidetan egin zizkioten elkarrizketetan adierazitakoak oinarritzat hartuta, haren bizitzaren eta lanen berri emango du Mujikaren liburuak, fedeaz, adiskidetasunaz, politikaz eta beste hainbat gairi buruz zituen iritziak erakusteaz gain.

Juan Gorostidik beste lau musikari ezagunen lana eta ibilbidea aztertu ditu Lau kantari-n: Beñat Axiari, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika. Gainerakoan, asko eta askotarikoak dira udazkeneko saiakera berriek landuko dituzten gaiak: telebista (Telezailak: Nork esan zuen telebistak tontotu egiten zuela? liburu kolektiboan); intsumisioa (Edurne Elizondoren Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian), Txinako gizartea eta kultura (Rafa Egigurenen Gauza guztiak), kontaketaren teknikak (Mikel Hernandez Abaituaren Narrazio tailerrak)…

Itzulpenei dagokienez, Miquel Marti i Polen Marta maitea, Irene Nemirovskiren Birjinak eta Suite frantsesa, Sergi Pamiesen Limoi bat imintziorik gabe jaten baduzu, Lev Tolstoiren Zenbat lur behar du gizon batek? eta Mario Vargas Llosaren Pantaleon eta bisitariak dira aurki plazara iritsiko diren liburuetako batzuk, idazle ezagunek idatzitakoak aipatzearren. Baina, horietaz gain, haren Haserretu zaitezte!-k izan zuen oihartzuna gogoan, Stephane Hessselen Konprometitu zaitezte! ere aintzat hartu beharrekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.