Musika

Elektrizitate egunak

mikel lizarralde
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eslovenian grabatutako Crossing Dragon Bridge (2008) diskoan Europako doinu ilun eta dotoreak landu eta bi urtera, erosoen mugitzen den eremura itzuli da Steve Wynn Northern Aggression honetan. Berriro ere The Miracle 3 taldearekin —Jason Victor (gitarra), Dave DeCastro (baxua) eta Linda Pitmon (bateria)—, The Dream Syndicateko abeslari ohiak elektrizitateari heldu dio, aurretik Here Comes the Miracles (2006) eta Tick…tick…tick… (2005) lanek markatu zuten bideari segika.

Eta, hala ere, Northern Aggression ez da norabide bakarreko diskoa. Gitarretan oinarritua egonik ere, eta elektrizitatea disko ia osoan nagusi izan arren, ertz asko erakusten ditu bere kantuetan. Alde horretatik, une askotan 80ko hamarkadaren hasiera hartan Wynnek berak The Dream Syndicaterekin eta gerora Gutterball proiektuarekin eraiki zuen soinu elektriko baina era berean bihurria ekartzen du gogora, bere ukitu psikodeliko eta guzti (Colored Lights).

Diskoa ezin hobe hasten da Resolution-ekin. Erritmo obsesibo batean eta bi akordetan oinarritutako kantua da, eta ezer berririk esan gabe, tentsioz beteriko pieza eskaintzen du Wynnek. Elektrizitatez eta garage-funk espirituz gainezka egiten du We Don't Talk About It-ek eta No One Ever Drowns-en ere —Wynnek inoiz idatzitako lehenengo kantuetako bat, Dream Syndicate sortu aurrekoa—; gitarrak dira nagusi, eta teklatuek ñabardurak gehitzen dizkiote melodiari. On the Bend-ek organo zirikatzaile bat du, baina, gainerakoan, elektrizitate horma bat bezalakoa da, eta zuzenean jotzeko idatzia ematen du.

Baina alderdi urduri eta ia erasokor horrekin batera, Wynnek pop-arekin eta tempoertaineko kantuekin duen lotura ere erakusten du. St. Mildwood pieza lasaia da, Stephen McCarthyren pedal steel-ak lagundua, baina ez da Consider the Source ederraren mailara iristen. Consider the Source kantuak erakusten du, bete-betean, Wynnek begi bat 80ko hamarkadan duela, berak sortzen lagundu zuen Pasley Underground mugimenduan. Cloud Splitter-ek eta The Other Side-k bere alderik newyorktarrena erakusten dute —Lou Reed eta Television artean—, eta The Death of Donny B, berriz, kantu ezezagun baten bertsio ilun eta ia biluzia da.

Wynnek sasoian segitzen du The Days of Wine and Roses historikoa grabatu eta 30 urtera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.