Elizaraino helduko da jazza

San Telmo museo eraberrituak Donostiako Jazzaldiko hainbat kontzertu hartuko ditu, tartean Jan Garbarek eta Lloyd ColerenakBluesak pisu handia hartuko du, B.B. King, Cyndi Lauper eta Mavis Staplesekin

Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hondartzan, klubean, plazan, antzokian, auditoriumean... eta, aurten, elizan ere entzungo da jazza. San Telmo museoa kontzertuetarako berreskuratuko du Donostiako Jazzaldiak. 90eko hamarkadan Musika Berrien Jaialdiaren egoitza izan zen orain eraberrituriko eraikina, Musika Hamabostaldiak noiz edo noiz erabili izan du, baina lehen aldiz jazz emanaldiak hartuko ditu. Hiru egunean, Trinitate plazako kontzertuak amaitu orduko, gauerdian beraz, San Telmoko klaustroak, elizak eta patio berriak «giro magikoa» emango diote jaialdiari. Sarrerarekin, entzuleek museoa bisitatu ahal izango dute.

Bertan egingo diren kontzertuetatik bat nabarmendu du Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak, Jan Garbarek & The Hilliard Ensemblerena. Saxofoi jotzaile norvegiarrak eta antzinako musika interpretatzen duen ahots taldeak Officium diskoa grabatu zuten 1993n, eta hori joko dute San Telmoko elizan. Martinek ukatu egin zuen areto hori kontzertuetarako ezegokia dela. «Gezurra da akustika txarra duela, eta erakutsi egingo dugu». Lloyd Cole Small Ensemblek —harizko hirukote formatuan ariko da pop abeslari ingelesa— eta John Scofield gitarristak ere museoan joko dute, besteak beste.

San Telmoren erabilera da 46. ekitaldiaren berrikuntza nagusia. Jaialdiak bost egun iraungo du, eta, ohi bezala, Jazz Band Ball festa jendetsuak zabalduko du, uztailaren 21ean. Egun horretan Kursaalaren inguruko agertokietan ariko diren bost izen baino ez dituzte eman ezagutzera antolatzaileek, eta horien artean ezagunena, dudarik gabe, B.B. King da. Zurriolako hondartzan joko du blues gitarristak, eta sarrera doan izango da. Kinshasako kale musikariez osatutako Staff Benda Bilili, Eivind Aarset gitarristaeta Elephant 9 talde norvegiarrak, eta Tucson Jazz Institute Ellington Band dira jakinarazi dituzten beste artistak. Pare bat asteko epean Jazz Band Balleko beste izenak eta gainerako egunetan hondartzako Agertoki Berdean joko dutenena ezagutaraztea espero dute antolatzaileek.

Martinek azaldu zuenez, Trinitate plazan eta Kursaaleko auditoriumean ariko diren musikari gehienak izan dira aurretik Jazzaldian, baina konbinazio berriak entzuteko parada izango da. Esaterako, Medeski, Martin & Wood hirukoteak Soul Bop bikotea izango du alboan (Randy Brecker eta Bill Evans). Ondoren John McLaughlin & The 4th Dimension Band igoko da Trinitate plazako agertokira, jazz elektrikoari eskainitako saioa osatuz. Halaber, Chick Coreak, Stanley Clarkek eta Lenny Whitek osatzen duten Return to Forever hirukotea Kursaalera itzuliko da, baina bi musikari gehiagorekin: Frank Gambale eta Jean-Luc Ponty.

Itzuliko diren beste musikari batzuk Abdullah Ibrahim eta Hiromi pianistak —iaz Stanley Clarkeren taldearekin etorri zen japoniarra— eta Cassandra Wilson abeslaria dira. Wilson eta Charlie Haden Quartet West elkarrekin jarri dituzte antolatzaileek, laukotearen 25. urtemuga ospatzeko diskoan parte hartu baitu Wilsonek. Trinitate plazan bien arteko kolaborazioetarako aukera egongo dela uste dute antolatzaileek.

Horrez gain, Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohen tronpetistek osaturiko Tea for 3 hirukotearen emanaldia azpimarratudu Martinek, hala ezohiko formatua delako nola jendaurrean eskainiko duen lehen kontzertuetako bat izango delako.

Thielemans, Donostia saria?

Toots Thielemans aho-soinu jotzaileak (Brusela, 1922) emango du Kursaaleko auditoriumeko azken kontzertua, eta litekeena da hari ematea aurtengo Donostia saria. «Hautagai sendoa da», adierazi zuen Martinek.

Bluesak irekiko du jaialdia, eta bluesak itxiko du. Cyndi Lauper 80ko hamarkadan ezagun egindako pop abeslariak Memphis Blues diskoa joko du Trinitate plazan; ondoren, Mavis Staples gospel eta soul kantariak itxiko du jaialdia. You Are not Alone diskoa kaleratu zuen iaz Staplesek, Jeff Tweedy (Wilco) gonbidatuen artean zuela.

Bonuak eta sarrerak apirilaren 1ean jarriko dituzte salgai. Jaialdiak 1,6 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino 100.000 euro gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.