Zuzendaria: Gilles Paquet-Brenner. Aktoreak: Kristin Scott Thomas, Melusine Mayance, Niels Arestrup, Frederic Pierrot, Aidan Quinn. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 111 minutu.
Bukatzen ari den urte honetako Donostiako Zinemaldiari amaiera eman zion. Lehiaketaz kanpo aurkeztu zuten, eta nazismoaren inguruko drama ezti bat da. Tatiana de Rosnayren liburu arrakastatsuan oinarritu da Paquet-Brener Frantziako historiaren pasarte ilun batean arakatzeko. Kazetari estatubatuar bat da protagonista, Scott-Thomas bikainak haragitutakoa. 2002. urtean, II. Mundu Gerran gertatu ziren hainbat kontu ikertzen hasi da, eta, horrela, judutarren kontrako jazarpenaren berri izan du Vichyren gobernuaren menpeko herrialdean. Tezac familiaren patu beltza zein izan zen jakin nahiko du; familia judutarrak kontzentrazio esparru krudela jasan zuen, frantziar herritar gehienek ezikusiarena egiten zuten bitartean. Familiako kidea zen Sarah gaztea bizirik ote den jakin nahiko du.
Zuzendaria: Manuel Carballo. Aktoreak: Sophie Vavasseur, Stephen Billington, Doug Bradley, Lazzaro E. Oertli Ortiz, Richard Felix. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2010. Iraupena: 100 min.
El orfanato eta antzeko filmen arrakastaren ondorioz, azkenaldian fantastikoa modako genero bihurtu da Espainian. Halakoek ikusle gazteak bereganatzen dituzte; nahiko errentagarriak dira, eta beste herrialdeetarako oso esportatzeko modukoak. Filmaxen hau horren adibide garbia da. Ekoizpen espainiarra izanda ere, hainbat herrialdetako aktoreekin egin dute lan, istorioari nazioarterako bidea zabaltzeko edo. Izenburuari eta kartelari erreparatuta, nahiko argi dago nondik nora doan. William Friedkinek 1973an egin zuenaren eskola berekoa da. Gurasoekin arazo handiak dituen nerabe bat da protagonista, eta haien arreta bereganatu nahian deabruak bere egin duela sinetsarazi nahi die. Hasieran ez dute oso serio hartuko gaztea, harik eta kontua larriagotuko den arte. Carballoren bigarren lan luzea da.
Zuzendaria: Andrei Kravtxuk. Aktoreak: Konstantin Khabenski, Liza Boiarskaia, Sergi Bezrukov, Anna Kovaltxuk, Iegor Beroiev, Richard Bohringer, Viktor Verzhbitski. Herrialdea: Errusia. Urtea: 2008. Iraupena: 123 minutu.
Europako ekialdeko zinemagintza ez dago garairik gozoenean, eta are gutxiago Errusiakoa. Horrexegatik, berri pozgarria da orain dela bi urteko ekoizpen hau gurera ailegatu izana. Errusiako iraultzaren garaian girotuta dagoen film historikoa zuzendu du Kravtxukek. Zehazki, Aleksandr Vasilievitx Koltxak komandantearen biografia ageri da filmean. Baina, kasu, Koltxak ez baitzen heroi boltxebike bat izan, armada zuriko buruzagietako bat baizik. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada. 1917. urtean armada zuria gidatu zuen Koltxakek Siberia aldera, eta bide horretan maitasuna aurkitu zuen. Armadako beste ofizial batekin ezkonduta zegoen Anna eta, azkenik, Koltxakek armada gorriari aurre egin behar izan zion lurralde hotz horretan.
Beste film batzuk
'Elle s'appelait Sarah'. 'La posesión de Emma Evans'. 'Admiral Kolchak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu