Zinema. Estreinaldiak

Emakumea, gizonaren mozorropean

Glenn Closeren proiektu kutuna izan da azken urteotan, 'Albert Nobbs', Rodrigo Garciaren azken filma

Mia Wasikowska eta Glenn Close aktoreak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak Glenn Close aktoreari eman zion iaz Donostia saria, eta hori aprobetxatu zuten Albert Nobbs-en estreinaldia egiteko. Orain, Oscar sarien atarian ailegatu da Rodrigo Garciaren azken filma, Closek berak ekoitzi duen drama historikoa.

Hain zuzen, aktorea luzitzeko egin duen filma da Albert Nobbs, eta nahiko nabarmena da Closek Oscar berri bat jarri nahi duela etxeko apalategian. Gizon baten itxurapean ezkutatzen den emakumezkoaren rolak aukera polita ematen du interpretazio ikusgarria egiteko, eta hori baliatu nahi izan du aktoreak. Halere, ez du helburua batere erraz izanen, parez pare beste aktore beterano bat izanen baitu, Meryl Streep eta haren Margaret Thatcher.

XIX. mendeko Irlandan emakumezkoentzat gauzak ez dira batere samurrak. Albert Nobbsek oso ongi daki hori; emakume jaio, eta gizonezko baten mozorropean bizi da, lan egin ahal izateko. Hotel txiki batean bizi da, eta denek miresten duten zerbitzari eredugarria da Nobbs. Inork ez daki haren itxura serio eta zorrotz horren azpian sekretu handi bat ezkutatzen duela.

Denak engainatzen dituela uste du, baina laster batean ohartuko da ez dela egoera berean bizi den emakumezko bakarra. Horrez gain, maitasunaren harrak hozka eginen dio, eta horrekin ataka zailean jarriko da zerbitzari otzana: sekretua agerian utzi ala isilean bizitzen segitu?

Rodrigo Garcia kolonbiar-estatubatuarraren bosgarren film luzea da Albert Nobbs, eta Glenn Closerekin lan egiten duen hirugarren aldia. Berez, George Moore idazle irlandarraren narrazio labur bat da filmaren oinarria, gerora Glenn Closek eta John Banville idazleak antzerkirako moldatu zutena. Taulara Closek berak eraman zuen, eta, orduz geroztik, pelikula zuzenduko zuen pertsona egoki baten bila aritu da.

'ALBERT NOBBS'.

Zuzendaria. Rodrigo Garcia.

Aktoreak. Glenn Close, Mia Wasikowska, Aaron Johnson, Jonathan Rhys Meyers, Brendan Gleeson.

Herrialdea. Erresuma Batua.

Urtea. 2011.

Iraupena. 108 minutu.

Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.