Emakumea izango da ardatz OLBEren 70. denboraldian

Denboraldi berriarekin batera, sei obra gehituko zaizkio OLBEren 68 urteko katalogo artistikoari: elkartearen beraren bi ekoizpen eta koprodukzio bat

'Les contes d’hoffman' operaren eszena bat. OLBE
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko ekainaren 18a
17:03
Entzun

Pandemiaren ondorioz joan den urteko jarduera artistikoa eten behar izan bazuten ere, indartsu hasiko du 70. denboraldia OLBEk, Opera Lagunen Bilboko Elkarteak. Urrian abiatuko da denboraldi berria, baina gaur goizean aurkeztu dute 2021-2022ko egitaraua, Bilboko BBVA fundazioan. Juan Carlos Matellanes OLBEko lehendakariaren hitzetan, normaltasunerako bidea hartuko du denboraldiak: «Pixkanaka, normaltasunera itzuliko garenaren baikortasuna eta itxaropena daukat, eta laster, operaz aurrez aurre gozatzeko aukera izango dugu». Jacques Offenbachen Les contes d’Hoffman operarekin hasiko da denboraldia, urriaren 23an. Jessica Prattek interpretatuko ditu sopranoentzako lau paper nagusiak —Olympia, Antonia, Giulietta eta Stella—, eta harekin batera, Michel Fabiano, Elena Zhidkova eta Simon Orfila arituko dira. Offenbachen obraz gain, Wolfgang Amadeus Mozart, Giuseppe Verdi eta Giacomo Pucciniren lanak ere taularatuko dituzte, besteak beste. Guztira, 59 emanaldi eskainiko dituzte Bilboko Euskalduna Jauregian eta Arriaga antzokian.

Helduentzako operari dagokionez, zortzi obra eskainiko dituzte. Horietatik lauk bi saio izango dituzte, eta obra denetan, emakumea izango da protagonista nagusia. «Sekula errenditzen ez diren emakumeak dira protagonista, mugiarazten, ahalduntzen edo suntsitzen dituzten gizatasunari, pasioei, desirei eta emozioei buruz hausnartzera bultzatzen dutenak», azaldu du Cesido Niño OLBEko zuzendari artistikoak. Don Giovani obraren emanaldi batean dago girotuta aurreneko obra, Les contes d’Hoffman, eta urriaren 23an, 26an, 29an, eta azaroaren 1ean taularatuko dute Bilbon. Carlo Montano orkestra zuzendariak gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa.

Azaroan, berriz, bi obra taularatuko dituzte: Pietro Mascagniren Cavalleria rusticana eta Ruggero Leoncavalloren Pagliacci; azaroaren 20an, 23an, 26an eta 29an eramango dituzte oholtzara. Eguneroko bizitza irudikatzen dute bi lanek, eta genero indarkeria dute hizpide. Jorge de Leon izango da gizonezko protagonista nagusia obra bietan. Emakumezkoen paperean, berriz, Ekaterina Semenchuc mezzosopranoa eta Rocio Ignacio sopranoa arituko dira, hurrenez hurren.

Urte berriarekin batera, urtarrilaren 22an, 25ean, 28an eta 31n, Wolfgang Amadeus Mozarten La clemenza di Tito emango dute. Protagonisten artean, Paolo Fanale tenorrak debutatuko du OLBEn, eta harekin batera, Daniela Barcellona, Vanessa Goikoetxea, Veta Pilipenko, Itziar de Unda eta Josep Miquel Ramon arituko dira. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Ricardo Frizzak zuzenduko du.

Ondoren, Francis Poulenc-en La voix humaine-ren eta Alexander Zemlinsky-ren Eine florentinische tragödie-ren txanda izango da, otsailaren 19an, 22an, 25ean eta 28an. Ainhoa Arteta sopranoa izango da bi operetako protagonista nagusia, Giorgio Berrugirekin eta Egils Silinsekin batera. Pedro Halffterrek zuzenduko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta Paco Azorin arduratuko da produkzioaz.

2019ko Opera Saria irabazi ondoren, apirilean iritsiko da Giuseppe Verdiren Alzira Bilbora. Tutto Verdi proiektuko azken obra da Alzira, eta protagonisten artean, Hui He sopranoa, Sergio Escobar tenorra eta Juan Jesus Rodriguez baritonoa arituko dira. OLBEk Peruko Antzerki Nazionalarekin eta Opera Royal Wallaonie-Liegerekin egindako koprodukzioa da, Jean Pierre Gamarrak sortutakoa.

Giacomo Pucciniren Madama Butterfly-k itxiko du 2021-2022ko denboraldia, maiatzaren 21ean, 24an, 28an eta 30ean. Maria Agresta eta Sergio Escobar izango dira protagonista nagusiak, eta Stefano Monti, eszena zuzendaria. Musikaren alorrean, berriz, Henri Nanasiren debuta izango da OLBEn, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzenduko du.

Rossini, apirileko protagonista

Opera denboraldiaz gainera, Rossiniren bi obra eskainiko dituzte Arriagan, apirilaren 6an: Giovanna d’Arco bakarlariarentzako kantata, eta Stabat Mater koral sinfonikoa. Bi obra horiek antzeztuko dituzte Angela Meade sopranoak, Mariana Pizzolato mezzosopranoak, Paolo Fanale tenorrak eta Simon Orfila baxuak.

Era berean, ABAO Txikiren lau ikuskizun izango dira: Jostailuen kutxa, Gilen Tell, Allegro Vivace eta Bost axola, bemola. Azken hau izango da euskaraz eskainiko duten ikuskizun bakarra. Bestalde, doako jarduerez osatutako egitarau zabala ere aurkeztu du OLBEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.