Emakumea zinemaren atakan

25 urte bete zituen iaz Iruñeko Zinema eta Emakumeak Nazioarteko Erakustaldiak, eta halako jaialdien beharraz eta genero ikuspegia presente izateaz gogoeta egiten duen liburu bat kaleratu dute orain.

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Urratsez urrats egina dute emakumezkoek zinemagintzarako jauzi bat. Oraindik, ordea, gizonenekin alderatuta nabarmen dira urriagoak haien lanak aretoetan, eta bigarren mailakotzat hartzen ditu maiz kanonak. Izendapenetik hasten da aldea: zinema dago, batetik, izenondorik gabea eta unibertsala; eta emakumeen zinema, bestetik. Badoa egoera aldatuz, baina zinematografoa asmatu aurretik Eadweard Muybridge argazkilariak ateratako irudi serieen modura, nolabait ere; planoz plano. Egun ere ez da txikia zineman ari diren emakumeek aurrean duten ataka. Hori da, behintzat, IruñekoZinema eta Emakumea Nazioarteko Erakustaldiaren antolatzaileek egin duten argazkia: beharrezko izaten jarraitzen dute beharrezko behar ez luketenek. Oraindik badute funtzio garrantzitsu bat genero ikuspegia lantzen duten zinema jaialdiek.

25 urte bete zituen iaz ekimenak, eta liburu bat kaleratu du orain sarean IPES Elkarteak: Muestra Internacional de Cine y Mujeres de Pamplona (25 zinema urte. Iruñeko Emakume eta Zinema Muestra nazioarteko). Atzera begirako bat da funtsean lana, baina baita egungo egoera ulertzeko proposamen kritiko bat ere, eta hainbat zinema kritikariren lanak bildu dituzte horretarako. Zinemaz beste ari dira, gizarteaz. Izan ere, «paradigmatikoa» da zinema eta ikus-entzunezko ikasketen kasua, Maria Castejon liburuaren editorearen hitzetan. «Emakumez josita daude ikasgelak, baina aktibo diren zuzendarien %7a baino ez dira gero emakumezkoak. Espainiako zifra da».

Urradura da Iruñeko erakustaldian bilatzen dutena. Nagusi diren irudikapen patriarkalen josturak agerian uzten dituzten kontakizunak, alternatibak proposatzen dituztenak. Eta zorrotz izan behar beti begirada, baita emakumeen zinema deskribatzerakoan ere. Bi ahoko ezpata izan liteke etiketa batzuetan, Castejonen ustez. Haren beharra onartzen du, baina ez du haren arriskua ezkutatzen.

Zama astuna da, izan ere, estereotipoena. «Badago irudi bat emakumeen zinemari buruzkoa: beti ageri dira identitate krisian dauden emakumeak, beti daude banaketa batean... baina nik nahi ditut ere mundua salbatuko duten emakumeak! Gizonezko heroiak badaude onak eta okerragoak, abilak eta dorpeak, baina emakumezko heroia beti da sufritzen duen bat, bortxatu egiten dutena...». Castejonen hitzetan, bi muturreko rolen artean dabil beti ikus-entzunezkoetan emakumea. Edo txuri edo beltz, edo santa da edo puta. Baina beti sufritzen. Irudi dikotomiko hori apurtzearen beharraz mintzo da horregatik. «Oso gogorra da emakume askok bizi duten egoera, bai, baina ezin dugu geure burua soilik biktima gisa irudikatu».

Asperdura eta aitortza

Zinemagileak ere elkarrizketatu dituzte libururako, eta pisuzko izenak dira, gainera, haietariko batzuenak: Frantziako nouvelle vague izeneko mugimenduaren sortzaileetariko bat izandako Agnes Varda, Margarethe Von Trotta zuzendari alemaniarra, Lucia Puenzo argentinarra, Amal Ramsis dokumentalgile egiptoarra, Juana Macias espainiarra eta Helena Taberna nafarra. «Nekatuta» dagoela dio Tabernak elkarrizketan. Hamaika aldiz erantzun dituelaemakume eta zinemagile izateari buruzko galderak, eta kanonetik urrundu egiten duela horrek. Ez da harena gisa horretako iritzi bakarra. Baina, hala ere, aitortu egiten du bere jatorria Tabernak: «Iruñeko zinema erakustaldia existitzen zelako naiz ni zinemagilea».

Emakume eta arabiar izateaz mintzo da, berriz, Ramsis. Dioenez, Mendebaldeak eraikitako estereotipoak oso indartsuak dira, baina nahikoa da Egiptoko edozein emakumezko zinemagileren lana ikustea zartatzen sumatzeko. Lekukotza beldurgarria ematen du Von Trotta alemaniarrak. Bere aurka idatzitako kritika baten hitzak dakartza gogora elkarrizketan: «Zergatik ematen zaio oraindik ere dirua andere honi? Zakilik ez duelako soilik?». 1982koa da testua. Hobera egin omen du giroak gerora. «Gaur egun inor ez litzateke halako ezer idaztera ausartuko», azaltzen du.

Atzerapauso moduko bat sumatzen du, hala ere, Castejonek. Gizartean eta zineman. Lehen ere ez zen erraza aretoetara heltzea, eta estutu egin da ataka krisiarekin. «Garai zailak dira zinemarentzat, oro har, eta are zailagoak, zineman dauden emakumeentzat». Ekin beharraz mintzo da. «Oso beharrezkoak dira oraindik Iruñekoaren gisako ekimenak. Bestela inon ematen ez dituzten filmak ikusi ahal izateko plataformak dira». Urradura moduko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.