Marilyn Solaya. Zuzendaria eta gidoilaria

«Emakumeak zinema sorkuntzan sartzea oso zaila da»

Transexualitatearen inguruko dokumentalarekin hainbat sari jaso ostean, gaia jorratzen jarraituko du Marilyn Solayak 'El traje de la novia' film luze berriarekin. Bilbon izan da aste honetan.

BITART NEW MEDIA.
Bilbo
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Marilyn Solaya (Camaguey, Kuba, 1970) Bilbon da egunotan, Emakumeek egindako zinema arabiar eta iberoamerikarraren Karabana-ren gonbidatu gisa. En el cuerpo equivocado dokumentalarekin (Gorputz erratuan) arrakasta lortu ostean, bere film luze berriaren nondik norakoak azaldu ditu aktore gisa Tomas Gutierrez Alea eta Juan Carlos Taiboren Fresa y chocolate film ezagunean parte hartu zuelako gogoratu ohi den zuzendari eta gidoilariak.

Zinegoak jaialdian parte hartu duzu, baita Film Sozialak jaialdian ere. Orain, El vestido de la novia (Emaztegaiaren soinekoa) film luzea zuzenduko duzu… Zure lanek jorratzen duten gaiei harrera ona egiten zaien tokia topatu duzula ematen du.

Bai, hala da. Ez da bakarrik aniztasunaren gaia, baizik eta genero arteko berdintasunarena ere. Modan dagoela ematen du, baina oraindik ez da genero kontzientzia osoa garatu. Lan guztiek bere bidea egiten dute. En el cuerpo equivocado dokumentalaren kasuan, 2010eko abuztuan estreinatu nuen, eta ez dio ibiltzeari utzi: AEBetan egon ginen, Kalifornian, eta orain Italiara goaz. Hemen, hiru ekitalditan egon gara, eta hemendik, Bilbotik, irten da El vestido de la novia film luzearen koprodukzioa egiteko aukera.

Nola sortu zen lan berri hori filmatzeko proiektua?

En el cuerpo equivocado dokumentalaren gidoiak hainbat sari irabazi zituen baina, krisia dela eta, ez genuen aurrera eramateko finantziaziorik lortzen. Orduan, DOCTV Latinoamerica saria eman zidaten, sari eskuzabala, eta ekoiztea lortu nuen. Dokumental horrekin heldu nintzen hona, Film Sozialak jaialdira. Hortik aurrera, laguntzaile asko izan ditut: KCDek (garapenerako lankidetzan diharduen gobernuz kanpoko erakundea), Juan Carlos Vazquez, Bitart ekoizpen etxea, Fernando Diez… Gaur egun Kubako Kultura ministerioak eta ICAICek (Kubako Arte eta Zinema Institutua) baimendutako koprodukzio bakarra da. Horrez gain, Ibermedia fondoa eta beste batzuk erabiltzen ditugu. Abendutik aurrera hasiko gara filma grabatzen.

Zaila izan da bidea emakume zinemagile batentzat?

Emakumeak zinema sorkuntzan sartu ahal izatea oso zaila da: botere ofizio bat da, baliabide asko erabiltzen ditu, hitza eta ikuspegia lantzen ditu. Noski, zinemagileak diren emakume gehienak genero ikuspegia lantzen dute, eta gure kultura hegemoniko, matxista eta patriarkalek kontra egiten diete. Zenbait lekutan estatu politikek emakumeen alde egin dute, baina oraindik lan asko dago egiteko.

Emakumeek egindako zinema arabiar eta iberoamerikarraren Karabana Bilbon izan da egunotan, eta zu partaideetako bat izan zara. Egileen artean hitz egitean, andreen arazoak unibertsalak direla ondorioztatu duzue, ala herrialdeen artean alde handia dago?

Oso interesgarria izan da, gonbidatutako beste bi zinemagileekin hitz egiteko aukera aberasgarria izan delako. Dalila Ennadre marokoarren bidez haren herrialdeko emakumeekin egin duen lana ezagututa eta Amal Ramsisen Debekuak dokumentala ikusita, askoz lasaiago itzuliko naiz Kubara.

Batzuetan kexu gara, baina Kuban, behintzat, emakumeok prestakuntza handia dugu. Nik bi karrera egin ditut, eta graduondokoa; ama naiz, eta bi seme-alaba ditut. Nire seme-alabek estatuaren babesa dute: ikasten dute, osasun arreta bermatuta dute. Kuban, arazo ekonomikoak egonda ere, estatuak pertsona guztiei ematen die ikasteko aukera. Genero berdintasuna lortzea da auzia. Zinemari dagokionez, ni baino lehen Kuban bi emakumek baino ez dute fikzioko film luze bat egin. Kontuan hartu behar da ICAIC 1959eko martxoan sortu zela, iraultzak martxan jarri zuen lehen erakundea izan zela. Hainbeste gauza aldatu dituen gizarte bat oraindik ere matxista da; akaso, gure herriek jaso duten kultur herentziaren ondorioz.

En el cuerpo equivocado dokumentalean ikusten da Mavy Suselek matxismoak emakumeei egotzi dizkion estereotipoak bere gain hartzen dituela. Zer ondorio atera zenuen egitate horretatik?

Beste dokumental bat eginez heldu nintzen gai honetara. Zortzi urteko ikerketa lana egin nuen filmatu aurretik, gaiak eskatzen zuelako. Egun batean gaia jorratuko nuela esan nuen telebistan, eta Mavyk etxera deitu zidan; Kuban operatutako transexual bakarra bera zela kontatu zidan, eta galdetu nolatan ez nion deitu. Etxera etortzeko esan nion, eta lanean hasi ginen. Ebakuntza egin zain zeuden beste pertsona batzuekin kontaktuan jarri ninduen. Izan ere, 2008ra arte ez ziren berriro ebakuntzak egiten hasi, eta orduan modu ia ezkutuan egin zituzten, jendea ez zegoelako horrek berekin zekarrena onartzeko prestatuta.

Dokumentala egiten hasita, asko harritu ninduen jakiteak emakume horien amets nagusia ezkontzea zela. Eta nik galdetzen nien: baina ez daukazue beste proiekturik? Ez duzue ikasi nahi? Ba, ez. Ezkontza baino ez zuten buruan. Gero, gutxinaka, pertsona horiek ondo ezagutu nituen. Gizartean integraturik sentitzeko eta jendeari emakumeak zirela erakusteko estereotipoak betetzeko beharra sentitzen zuten. Azkenean, 50 urteko adinera iristean, hutsune bat sentitzen zuten, beste emakume askok bezala: haurrak nagusitzen dira, senar askok uzten dituzte beste emakume gazteago batekin joateko, eta pentsatzen dute besteak asebetetzeko bizi izan direla, eta ez dutela proiektu pertsonal bat garatu. El vestido de la novia filmaren ideia hortik irten zen. Asko idatzi da transexualen gaiari buruz. Nire ustez, emakumea izatea bagina edukitzea baino askoz gehiago da. Zaren hori izatea da, zuk egin nahi duzuna, zuk daukazun proiektua.

Zein izango da El vestido de la novia-ren argumentua?

Ebakuntza egin ostean, emakume transexual bat gizon batekin ezkontzen da, baina bere iraganaren berri eman barik. Hori da abiapuntua. Gero, hainbat gertaeraren ondotik, egindako borroka latzaren antzutasunaz jabetzen da emakumea. Kontraesanak azaleratuko dira: matxismoa, indarkeria eta moral bikoitza. 1994an kokatzen da filma. Oso garai zaila izan zen, Habanako Maleconeko manifestazioa eta txalupan alde egiten zuten jende guztia zela bitarteko. Eta Jorge Perugorria da aktoreetako bat. Gizon arrakastatsuaren rola jokatzen du: lan on bat, seme-alabatxo perfektuak, emaztetxo perfektua...baina gaya da. Hortaz, bizitza bikoitza eramaten du, eta oso homofoboa da. Gizartearen eta bere buruaren biktima bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.