Gorila maskara kendu gabe erantzun die BERRIAren galderei Frida Kahlok, Guerrilla Girlsen sortzaileetako batek. Arte ekintzaile feministak biltzen ditu, 1985az geroztik, AEBetako talde horrek, baina munduaren luze-zabalean (Londresen, Madrilen, Shanghain, Mexiko Hirian...) egin dituzte ekintzak emakumezko artisten lanak eta ekarpenak ikusarazteko eta aldarrikatzeko asmoz. «Artearen mundu nazkagarri hau irauli nahi badugu, denen artean gauza txikiak egin beharko ditugu». Hala, arte eskoletan, museoetan edo beste edozein esparrutan, muturren aurrean duten egoera bidezkoa iruditzen ez bazaie, «kexatzeko» deia egin die KahlokIkuspegi feministak arte produkzio eta teorietan jardunaldietara bildutakoei. «Kexatu, kexatu eta kexatu; hori bai, modu sortzailean egin zuen protesta», egin du ñabardura.
Filosofia horri segitu dio Guerrilla Girlsek sorreratik, hormirudiak eta eranskailuak zabalduz, performanceak eginez eta liburuak argitaratuz. «Gorila maskarak jantzi, eta umoreari heldu genion arreta erakarri, ezagun egin, eta gure mezua ahalik eta jende gehienarengana iritsi ahal izateko. Gero jende horrengan iritzi bat sortzeko». Gizartean, oro har, eta artearen munduan zehatzago, eragin ahal izateko. «Emakumezko sentitzen diren artistek» osatzen dute Guerrilla Girls. Beren aurpegiak eta nortasunak gorila maskaren atzean gordetzen dituzte, eta hildako emakume sortzaileen izen-deiturak baliatzen dituzte jendaurrean egiten dituzten agerraldietan. «Hastapenetan beldur ginen esateko genuenak gure ibilbideei eragingo zien, horregatik jantzi genituen maskarak. Kritika pertsonaletatik babesten gaituzte, eta laguntzen digute arreta guk nahi dugun gaietara bideratzen. Nortzuk garen jakingo balute, gure alderdi pertsonalari buruz hitz egingo lukete, ez egiten ditugun ekintzez eta plazaratzen ditugun eztabaidez».
Inoiz ez duzu izan maskara kendu eta zure nortasuna ezagutarazteko tentaziorik?
Maskara kenduko banu, agian ez litzaizuke interesatuko esateko daukadana. Deserosoa da, baina munduak gu kontuan hartzeko balio digu. Hau mundu zoroa! Gorila maskara bat jantzi behar dugu ahots artistiko feminista entzuna eta kontuan hartua izatea nahi badugu...
Guerrilla Girls, feminismoa berrasmatzen da zuen leloetako bat. Berrasmatzea bainoago ez al du feminismoak behar bere hartan, konplexurik eta aurreiritzik gabe, praktikara eramatea?
Feminismoak jorratzen dituen gaiak aldaketa etengabean daude, eta, horregatik, feminismotik jorratzeak esan nahi du hausnarketak etengabea izan behar duela, bere planteamendua etengabe definitu behar duela. Zapalkuntza eta bazterketa indarrak etengabe ari dira aldatzen, eta feminismoak egokitu egin behar du diskurtsoa, unean uneko erasoari erantzuteko gai izan nahi badu.
1985ean sortu zenuten Guerrilla Girls. Harrezkero aldatuko zen zertxobait artearen sistema...
Bai. Gauzak zeharo aldatu dira, eta, oro har, emakumezko artistek aukera gehiago dauzkate orain. Hala ere, beste arazo batzuk sortu dira. Zuriak ez diren emakumeak, hau da arraza nagusikoak ez direnak trukerako erabiltzen dituzte askotan. Baten lana erakusten dute, eta iruditzen zaie inorena erakustea baino hobea dela, nahikoa dela. Beirazko sabaia dago. Emakumezko artistei ez diete uzten maila batetik gora egiten. Arte eskoletan ikas dezakete, bekaren bat lortu, erakusketaren batean parte hartu... Baina zaila da baloratzea, beren lana sakon aztertzea, artearen historian toki bat egitea, mugimendu bati ekarpena egin diotela aitortzea... Museoetan gertatzen diren gauza handien ardatzak inoiz ez dira emakumeak. Atzera begirakoak, monografikoak eta tankerakoak gizonezko zurien inguruan egiten dira beti. Adibidez, enkanteetan, emakumezko artistek zentimo bat irabazten dute gizon zuri artistek eskuratzen duten dolar bakoitzeko.
Artearen mundua nazkagarria dela esan duzu. Haatik, mundu horretan emakumezko artistek toki bat izan dezaten lan egiten duzu.Ez litzateke hobea izango mundu hori errotik aldatzea eta beste oinarri batzuen araberako sistema sortzea?
Guerrilla Girlsen barruan askotariko iritziak dauzkagu gai horri dagokionez. Batzuek pastel horren zati bat nahi dute; eta beste batzuek beste osagai batzuk izango dituen pastela nahi dute. Baina bien bitartean artearen historia deitzen dutena eraikitzen ari dira, eta historia horretan emakumeak eta arraza nagusikoak ez diren gizonak falta dira! Ehun urte barru artearen historia erakusten dutenean halako hutsunerik egon ez dadin nahi dugu.
2005eko Veneziako Biurtekoan parte hartu zenuten, eta zuen instalazio bat dago Londresko Tate Modernen. Ez da kontrajarria hautsi nahi duzuen artearen sistema horren parte aktibo izatea?
Autokritika bertute handia da, eta instituzio horietan autokritika zabaltzen duen birusa gara gu. Egoerari buelta ematera behartzen ditugu, instituzioaren kudeaketa hobetzera.
Gizon zuria eta dirua dira artearen merkatuaren ardatz biak. Zein interes daude horren atzean?
Jende jakin batek dirua inbertitzeko esparru bihurtu du artearen mundua, AEBetan. Boteregune baten negozio esparru bat da. Horrek galbidean jartzen du artearen historia. Izan ere, museoek arterik garestienarekin soilik osatzen badituzte bildumak nola dei dakioke horri artearen historia? Literaturaren historia ezin daiteke libururik salduenekin osatu, ezta zinemarena ere, aretoetan diru gehien bildu duten filmekin. Orduan, artean zergatik onartzen da halakorik?
Euskal Herriko museoak, Guggenheim barne, diru publikoz finantzatzen dira...
Kasu horretan are larriagoa da politika horiei segitzea. Artearen ahots guztiak, bazterrekotzat jotzen dituzten horiek ere, jasotzeko eskatu behar zaie. Bestela, ez dute artearen historia kontatuko, boterearen historia baizik.
Nola ezagutaraz daiteke gizon zuriarena ez den obra kalterako izan daitezkeen etiketa edota ghettoak sortu gabe?
Adibidez, arte alemaniarraren historiari buruzko ikerketa egitean, emakume alemaniar artisten ikerketa bat egin daiteke aldi berean. Kontakizun berri bat sortzen da, elkarren osagarri diren ahots askotarikoak bilduz.
Frida Kahlo (Guerrilla Girls). Artista eta arte ekintzailea
«Emakumezko artistei ez diete uzten maila batetik gora egiten»
Artearen egungo sistemari «higuingarri» irizten dio Frida Kahlo ezizena darabilen Guerrilla Girls taldeko ekintzaileak, baina «ekinbide txiki asko» eginez hura iraultzeko aukera badagoela sinetsita dago, Bilboko Alondegian emandako hitzaldian esan duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu