Entzuten didazu, ene andere maitea, ene bularreko erlategia sutan dagoenean
Edo zure atzean ene ametsaren itzalak
Zurea itsuki besarkatzen eta mosukatzen duenean?
Oi zer gozoa zure gorputzaren pisua ene gogoan etzuna!
Ene amaiera gabeko noraezaren ibaian,
Zein da gauean nabegatzen ez duzun untzi suak hartua?
—Zergatik du bihotz honek hainbeste lore zimeltzen,
Zergatik ez da hiltzen hainbesteko sutan errautsa,
Zergatik naiz oraindik ere hainbeste hitzen ahoa?
Ene andere zuria, gorputz argala:
Oihan hau azkenengo denborakoa da,
Eta hainbeste aide xirulatzen duen zozo hori
Argitzen den egunero bersortzen eta ari da xistuan.
Amorantea, egarriak abesten du oraindik ene edalontzian.
Zure gorputzetik, amodioa, gauarekin
Ene begi gailurretaraino hazten den hilargi elurtu hori!
Utzi egidazu pindatzen, gerizen arrimuan,
Egunsenti zurumurtsua zure begien irlatan.
Lokartu zaitezen ene aldamenean, eguna larratxorien
Kantari lotsatien teilatu baten azpian hausten den artean.
—Barrutik doan eta ezari ezarian
Ene aurpegira agertzen den amets hori!
Zaldi gorri bat behar da otean
Ala hegal hilkor eta hotz suzko mihi honetatik lekora saltatzeko.
POEMA
Itzulpena: Joseba Sarrionandia. Liburua: Galegoz heldutako poemak. Poemas náufragos. Argitaletxea: Susa. Urtea: 1991. Aurkezpena: Alvaro Cunqueiro galiziar idazlearen zazpi ipuin argitaragabe eta 138 artikulu bildu ditu Cesar Antonio Molinak De Santos y Milagros liburuan (Banco de Santanderrek argitaratua). Artikulurik gehienak Cunqueirok egunkari eta aldizkarietan argitaratuak dira, orain artean inongo liburutan jaso gabeak. Beste hainbat galiziar poetaren lanekin batera, Cunqueiroren hiru poema euskaratu zituen Joseba Sarrionandiak Poema náufragos liburuan. 1991n kaleratu zuen Susak liburua, Galizierazko Letren Egunean.
Literatura. Pasarte hautatua. Alvaro Cunqueiro
'Ene andere zuriaren bakardadeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu