EOSek eta Musikenek lankidetza hitzarmen «estrategikoa» sinatu dute

«Bidelagun» izango dira bi erakundeak, «bokazioa, jatorria eta helburu nagusia» partekatzen dituztelako

Ezkerretik hasita, Goialde da aurrenekoa, eta Alberdi bigarrena. J. C. RUIZ / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak aspalditik zeukaten elkarrekin lan egiteko gogoa, Iñigo Alberdi EOSen zuzendari orokorraren esanetan. Jatorria —Eusko Jaurlaritzaren erakundeak dira biak—, bokazioa, eta helburu nagusia, «musika eta kultura dibulgatzea», partekatzen dituzte. Hortaz, lankidetza hitzarmen «estrategikoa» sinatu dute bi aldeek, eta aurrerantzean «bidelagun» izango dira. Patri Goialde Musikeneko koordinatzaileari iruditzen zaio «komenigarria eta interesgarria» dela akordioa bi erakundeentzat, «gure ikasleen helburuetako bat orkestra batean jotzea baita».

Datorren irailean hasita, hurrengo lau denboraldietan egongo da indarrean hitzarmena, baina «jarraitutasuna» ematearen aldekoak dira bi aldeak. Etorkizunean, gainera, agian, «potoloagoa» izango dela iruditzen zaio Alberdiri. Oraingoz, baina, bost puntuta zehaztu dute lankidetza hitzarmena. Hasteko, datorren denboralditik aurrera instrumentista gisa parte hartuko dute Musikeneko ikasleek EOSen abonu kontzertuetako batzuetan. Era berean, Musikeneko ikasleentzako master class-ak antolatuko ditu EOSek, kontzertuetara datozen bakarlari gonbidatuak eta estreinatuko diren obretako konposatzaileak datozela baliatuz. «Hiruzpalau» izango dira denboraldiko, Alberdiren hitzetan.

Orkestra zuzendaritzako ikasketak egiten ari diren hirugarren eta laugarren mailako ikasleek, berriz, EOSen zuzendari titularren edo zuzendari gonbidatuen laguntzaile modura aritu ahal izango dute denboraldiko zenbait programetan. Orkestraren entsegu batzuetara joateko aukera edukiko dute, aldi berean.

Etorkizunera begira, bi erakundeek orkestra praktikarako master instrumentala bultzatu nahi dute, «Europako orkestra handiek eta goi mailako musika ikastegiek egiten duten gisara». Bestalde, baliabideak ere partekatuko dituzte «praktikoagoa» izate aldera. Izan ere, EOSek Miramongo egoitza utziko dio Musikeneri orkestra jarduerak egin ahal izateko, eta Musikenek, berriz, EOSen eskura jarriko du Miramar jauregiko azpiegitura, bakarlari gonbidatuak ekartzen dituzten kasuetan. Elkarri instrumentuak uztea eta argitalpen zein soinu erregistro berrien trukea ere hitzarmenaren baitan daude.

'Jorda Gela' izenpean

Lankidetzatik eratorritako jarduerak Jorda Gela: EOS + Musikene izendapenak bilduko ditu. Enrique Jorda donostiarra, hain zuzen, EOSen lehen zuzendaria izan zen, eta gerora, berriz, ohorezko zuzendaria.

Alberdik uste du lankidetzak «bere fruituak» emango dituela etorkizunean. Gainera, akordioak ez du eragingo ez bataren ez bestearen aurrekontuan. EOSen zuzendariak argitu du ez dela gastu gehigarririk egongo. «Sinergiak partekatuko ditugu». Musikenek hamargarren denboraldia bete du, eta han ikasitako «bizpahiru» ikaslek jotzen dute orainEOSekin. Kopurua ez da handiegia, baina denbora kontua dela uste dute bai Goialdek eta bai Alberdik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.