MUSIKA

EOSek Luis de Pabloren 'Pensieri' obra estreinatuko du 2015-2016an

Hurrengo denbooraldian aurrekoetan baino kontzertu gehiago emango ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, eta Oriol Roch zuzendari nagusiaren esanetan, "ausartagoa" da programazioa.

Luis de Pablo konpositorea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Igor Susaeta.
2015eko ekainaren 5a
13:34
Entzun

Hamabi abonamendu programa edukiko ditu —54 kontzertu guztira—, eta aurrenekoan, iraila amaieran, Jean Sibeliusen Finlandia eta Kullervo interpretatuko ditu EOSek, konpositore finlandiarraren 150. urteurrenaren harira.

Maisu sinfoniko handien (Gustave Mahler, Anton Bruckner, Maurice Ravel, Sergeui Prokofiev, Ludwig Van Beethoven, Piotr Ilitx Txaikovski...) lan erreferentzialenetakoei helduko die, baina musika garaikideari begirik kendu gabe. Beraz, Euskal Herriko bi konpositoreren lanak estreinatuko dituzte: Luis de PablorenPensieri azaroan, hirugarren abonamendu programan, eta Iñaki Estradaren ...laino argidun arten... azken programan —EOSen enkargua da—, 2016ko ekainean.

Jun Maerkl da orkestraren zuzendari titularra —Anderi Boreikok jarraitzen du izaten zuzendari titular gonbidatua— baina hurrengo sasoiko emanaldietarako beste sei zuzendari gonbidatuko ditu EOSek: Aris Rasilainen, Jose Ramon Encinar, Christoph Konig, Ainars Rubikis, Robert Trevino eta Juraj Valcuha.

Bakarlariei ere egingo diete lekua. Hamahiruk joko dute orkestrarekin; horietako hamabik lehendabizikoz: Tamar Beraia, Ingrid Fliter eta Alexander Lonquich pianistek, Jack Liebeck, Viviane Hagner eta Jennifer Koh biolin jotzaileek, Alban Gerhardt biolontxelo jotzaileak eta Roberto Fabricciani flauta jotzaileak.

Oriol Roch EOSen zuzendari nagusiaren ustez, ausartagoa da programa emanaldi gehiago antolatu dituztelako, obren arteko kontrastea bilatu dutelako, eta baita gonbidatutako artistak ez direlako ohikoenak programazioetan, "nahiz eta goi mailakoak izan".

Orkestraren kalitatea hobetzen ahaleginduko direla adierazi du Maerklek, gaur goizean Donostian, EOSen egoitzan egindako aurkezpenean. "Jotzaile oso onak dauzkagu, eta ahal handiko orkestra da. Ikuspegi nazioartekoa garatzeko ahaleginean, orkestrarako pieza handiak landuko ditugu".

Eta nazioarteko ikuspegi hori jorratzeko bidean, EOSek Versailleseko (Paris) Errega Operan joko du, 2013ko ekainean egin bezala. Abenduan izango da, eta Malandain Ballet Biarritzeren batera, Ederra eta Piztia ekoizpena estreinatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.