«Pederastiaren alde egiten duela ikusi izan bagenu, ez genuen emango, are gehiago, salatu egingo genukeen». Jose Luis Rebordinos Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zuzendariak A Serbian Film filma emateko jaialdiak hartutako erabakia defendatu zuen atzo. AEBetan, Belgikan, Estonian, Kanadan, Hego Korean, Frantzian, Grezian, Alemanian, Suedian, Portugalen eta Brasilen eman dute pelikula, arazorik gabe, eta toki askotan ikusi eta saritu dutela adierazi zuen Rebordinosek. Hala ere, epaileen erabakiak errespetatzen dituztela esan du, eta horregatik ez dutela pelikula emango. Hala ere, ostegun gauean Antzoki Zaharrera filma ikustera joan ziren ikusleek Publikoaren Sari Berezia ematea erabaki zuten, «nahiz eta ez eman, adierazpen askatasunaren sinbolo bihurtzeagatik».
Rebordinosek ez du nahi debekuak jaialdi osoa itzalean uztea. «Gauza gehiago eman ditu asteak, eta, oro har, emaitza onak izan ditu». Euskaraz azpidatzitako filmek izandako harrerarekin bereziki pozik azaldu ziren antolatzaileak.
Bestalde, Josemi Beltran izango da datorren urtean Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen zuzendaria, Rebordinosen ordez.Ardura hori hartzeko «pozik eta gogoz» agertu zen Beltran, eta jaialdiak nazioartean duen oihartzun handia nabarmendu zuen. Beltranek bi urte eta erdi eman ditu Larrotxene kultur etxean zuzendari lanetan, eta ikus-entzunezkoen arloan espezializatua da.
'Maquetas', garaile
Loquillo abeslari katalanak, Esperanza Luffiego donostiarrak eta Malakias finlandiarrak osatutako epaimahaiak Maquetas-i (Carlos Vermut) eman dio film laburrik onenaren saria, eta Hatch (Damian McCarthy) aukeratu du Urrezko Melies saria jasotzeko hautagai izan dadin.
150 gaztek osatutako epaimahaiak Pixels (Patrick Jean) film laburrari eman dio saria. Ikusleen saria ere jaso du Frantziako lan horrek. Film luzerik onenaren saria Black death-entzat (Chris Smith) izan da, eta animaziokoa, Boogie, el aceitoso-rentzat (Gustavo Cova). Azkenik, Espainiako film laburrik onenaren saria Brutal Relax-ek jaso du.
Epaileak debekatutako filmari sari berezia eman dio publikoak
Josemi Beltran izango da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zuzendaria, Rebordinosen ordez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu