Europako 2016ko Kultur Hiriburua aukeratzeaz arduratu zen epaimahaiak atzo eman zuen ezagutzera bere txostena, Donostia izendatzeko erabakia hartu zuenetik bi aste pasatxo iragan ostean. Epaimahaiak 11 orrialdeko txostenean dioenez, Donostiak aurkeztutako proiektuaren «kultur egitarauaren kalitate bikaina» izan da hura aukeratzeko arrazoi nagusia, eta, hori dela eta, egitasmoan parte hartu duen «talde artistikoari eta zuzendariari» eusteko gomendio bizia egin die hautagaitzaren arduradunei. Sekretuan egindako bozketan, epaimahaiaren «gehiengo argi batek» egin zuen Donostiaren alde, «hura zelako Kultur Hiriburuaren helburuak eta irizpideak ondoen islatzen zituena eta ekimena arrakastaz gauzatzeko aukerarik onena eskaintzen zuena», txostenak zehazten duenez.
Donostiaren izendapena ezagutu zenetik, ugari izan dira epaimahaiaren independentzia eta inpartzialtasuna ezbaian jarri duten arduradun politikoen iritziak. Horien artean, Juan Alberto Belloch Zaragozako alkatea nabarmendu zen. Donostia hautatzeko arrazoiak «politikoak» zirela adierazi zuen, eta epaia inpugnatzeko asmoa agertu zuen, gainerako hiri finalisten arduradunak gauza bera egitera bultzatzeaz gain. Bazirudien Donostiaren izendapenaren gaineko susmoak zabaltzeko kanpaina indarra galtzen ari zela, baina berriz bultzada eman zion Kordobako alkateak atzo. Jose Antonio Nietok (PP) esan zuenez, kultur hiriburua aukeratzeko prozedura «kutsatuta» egon litekeela erakusten duen dokumentazioa jaso du gutun-azal batean. Ezezagun batek bidalitako dokumentazio horren arabera, epaimahaikideetako batek, Cristina Ortegak, hautagaitza hobetzeko «gomendioak, irizpideak eta zuzenketak» eman zizkion Donostiako taldeari; horien artean, Deustuko Unibertsitateak egitasmoan parte hartzeko gomendioa legoke.
Horri buruz galdetuta, Donostiako hautagaitzaren koordinatzaile nagusi Eva Salaberriak adierazi zuen «gainerako hiriek izandako harreman berbera» izan duela Donostiak epaimahaikideekin, «beti araudiaren barruan». Salaberriak eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek epaimahaiaren txostena baloratzeko agerraldia egin zuten arratsaldean, eta ez zuten Kordobako alkateak esandakoaren gaineko beste adierazpenik egin nahi izan. Ez dute uste horrek ondoriorik ekarriko duenik, epaimahaiaren txostenak «argi uzten duelako bere merituengatik aukeratu dutela Donostia, proiekturik onena duelako», Izagirreren hitzetan.
Ministerioaren ikerketa
Hala ere, Espainiako Kultura Ministerioak ikerketa bat zabaltzea erabaki du, «gardentasun eta objektibotasun handiena bermatze aldera». Epaimahaiko kideek araudiaren arabera jokatu duten argitzeko eskatu dio Europako Batzordeari, atzo arratsaldean ohar batean azaldu zuenez.
Txostenean epaimahaiak hainbat gomendio egin dizkio Donostiaren hautagaitzari, «egitasmoan egin beharreko aurrerabide eta egokitzapenei begira». Besteak beste, helburu nagusi gisa «egitasmoaren bikaintasun artistikoarekiko errespetua bermatzeko» aholkatzen dio, eta horretarako antolakuntzako eta kudeaketako egitura berraztertzeko.Horrez gain, Donostiako Udalean, Gipuzkoako Diputazioan eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideak Partzuergoko organoetan egoteko gomendioa egiten dio.
Epaimahaiaren txostenean Donostiaren 2016ko kultur egitaraua goraipatu dute
Kordobako alkateak izendapenaren gaineko susmoak zabaltzeko kanpainari segida eman dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu