Erabakia «zuzentzeko» eskatu dio Sarrionandiaren sendiak Jaurlaritzari

Literatur lana sariketan onartu ostean sariaren dirua atxikitzea ez dela bidezkoa adierazi du

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskadi sariari dagokion dirua atxikitzeko erabakia zuzentzeko eskatu dio Joseba Sarrionandiaren sendiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari. Pamiela argitaletxeak igorritako ohar batean, idazlearen arreba Maria Jesus Sarrionandiak adierazi du ez dela bidezkoa hautagaitza onartu ostean dirua atxikitzea, ezta epaimahaiaren ebazpena jakin ondoren betebehar eta baldintza gehiago ezartzea ere. «Izan ere, administrazio organo eskudunak espresuki onartu eta tramitatu zuen haren hautagaitza».

Hau da, Jaurlaritzako Kultura Sailak berak onartu zuen Moroak gara behelaino artean? saiakera sariketan lehiatzeko obren artean. Eta, horrenbestez, onartu egin zuen lan hori saritua izateko aukera, ondorio guztiekin.

Bidenabar, idazlearen sendiak adierazi du ez dela egia Sarrionandiak ebazteko dagoen auzirik duenik. Eta gaineratu du «Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bestelakoren berririk balu hori argitzeko organo eskuduna Justizia administrazioa» dela.

Literaturako Euskadi sarien epaimahaiak astelehenean eman zuen saiakeraren arloko sariaren berri, eta agerraldi horretan bertan jakinarazi zuen Antonio Rivera Kultura sailburuordeak sariari dagozkion 18.000 euroak atxiki egingo dituztela, «sarituak bere egoera erregularizatu artean».

Kultura arloan harridura eta haserrea eragin ditu Jaurlaritzaren erabakiak. Pedro Ugarte idazle bilbotarra izan da kontra agertu direnetako bat. Sarrionandia «idazle aparta» dela esan du, eta «merezimendu osoz» saritu dutela haren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.