Erabakita geratu dira Nafarroako bertsolarien finalaurrekoak

ERREDAKZIOA IRUñEA
2008ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Herenegun Leitzan eta atzo Iturenen jokatu ziren Nafarroako Bertsolari Txapelketaren kanporaketak, eta bi saioetan giro aparta lortu zuten bertsolariek, beteta zeuden aretoetako entzuleen aurrean. Leitzako saioko onena Juan Mari Lopez izan zen, 248,5 puntu eskuratu zituen; eta, bigarrena, Diego Riaño, 232 punturekin. Iturengo onena, berriz, Xabier Legarreta Arano izan zen, 252, 5 punturekin. Legarretari, baina, gertutik jarraitu zion Xabier Terrerosek, eta azken ariketa arte hortxe-hortxe ibili ziren biak. 251 puntu jaso zituen Terrerosek. Lau bertsolari horiekin batera Ander Fuentes ere sailkatu da finalaurrekoetarako, 230,5 punturekin.

Kanporaketak amaituta, otsailaren 16an izango da lehen finalaurrekoa, Txantrean, Iruñean. Xabier Terreros eta Diego Riaño ariko dira, Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien eta Oier Lakuntzarekin batera. Otsailaren 23an, Lekunberrin, Xabier Legarreta ariko da, Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta Etxabe, Julio Soto, Aritz Saragueta eta Oskar Estanda bertsolariekin. Azken finalaurrekoa, Berakoa, egokitu zaie Juan Mari Lopezi eta Ander Fuentesi. Martxoaren 1ean aurrez aurre izango dituzte Jon Barberena, Migel Mari Elosegi Luze, Eneko Lazkoz eta Jon Elizetxe.



SAIO TXUKUNAK. Leitzakoa eta Iturengoa, bi saioak izan ziren txukunak. Leitzakoan, bost bertsolari gazte eta beterano bat aritu ziren. Juan Mari Lopezek ez zuen iazko txapelketan parte hartu, horrexegatik kanporaketetatik abiatu da aurten. Lopezek esperientzia baliatu zuen, eta erregularrena izan zen, finalaurrekoetarako txartel zuzena eskuratuz. Diego Riaño leitzarra indartsu eta gogotsu hasi zen, eta ondo aritu zen saio osoan.

Iturenen, berriz, lehia izugarria izan zen lehenengo bien artean, Xabier Legarretaren eta Xabier Terrerosen artean, hain zuzen, baina norgehiagokaz gain, bero-bero aritu ziren saio osoan Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazu iturendarrak eta Zubietako Ander Fuentes, elkarri mokoka.

Arinak eta lehiakorrak izan ziren finalaurrekoen atarian lehen beroketa saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.