Kultur politika

Erakundeen kultur politikak koordinatzeko mahaia sortu du Eusko Jaurlaritzak

Kultura Auzolanean deitu dute ekimena, eta Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Udalak eta EUDELen bildutako udalak batu ditu. 2014 eta 2015ean egingarri diren 20 proiektuko zerrenda osatu dute denen artean.

Kultura-ohiturak eta kultura kontsumoa sustatzeko proiektua 2014rako bukatu behar dute. GORKA RUBIO | ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2014ko martxoaren 26a
11:46
Entzun

Koordinazioa da sakoneko helburua, eta funtsean foro bat da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Kultura Auzolanean ekimena. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban kulturan eragiten duten erakunde publikoak bildu, eta elkarrizketan jartzeko topagune bat. “Eraginkortasuna handitu” eta “bikoiztasunak saihestea” aipatu ditu Joxan Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak helburuen artean gaur Bilbon egindako prentsaurrekoan. Argi azaldu du plan “errealista” bat egitea izan dutela buruan. “Helburua ez da zer egin behar litzatekeen aztertzea, baizik eta zer egin genezakeen adostea”. 2014an eta 2015ean emaitzak emango dituzten 20 proiektuko zerrenda osatu dute horretarako. Hilabeteko epea eman diete orain kultur eragile eta herritarrei proposamenak ikusi eta aldaketak proposatzeko. Hemen dago informazio osoa, eta proposamenak egiteko jarraitu beharreko bidea.

Aurrekariak aipatu ditu Muñozek. Kulturaren Euskal Plana eta Kulturaren aldeko Herritartasun Kontratua, adibidez. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kultur proiektuak aztertu eta bultzatzea zen haien helburua ere, baina ildo berari heldu arren, ezberdina da oraingo proposamena. Zehaztu duenez, oraingoan pisu berezia eman nahi izan diote eraginkortasunari. Hori da Kultura Auzolanean ekimaneren bereizgarri nagusia. Horregatik mugatu dute proiektu zerrenda hogeira eta horregatik jarri diete beren buruei bi urteko epea. Azpimarratutakoaren arabera, krisi ekonomikoaren eraginak eraman ditu horretara ekimenean parte hartzen duten erakundeak.

Baina kontrasterako proposamena da oraindik aurkeztutakoa. Jendearen ekarpenekin osatu, eta maiatzean aurkeztuko diote azken dokumentua alderdien, erakundeen eta eragileen 55 ordezkari bilduko dituen Kulturaren Euskal Kontseiluari, eta hura izango da dokumentua onartu eta martxan nola jarri aztertuko duena.

Bi epeko estrategia
Bi epetan banatu dituzte proiektuak proposamenean. Hamar dira orain abiatu eta 2014 amaierarako bukatzekoak. Eta beste hamar aurten abiatu eta 2015ean bukatzekoak. Urte amaieran burututa behar luketenen artean daude adibidez, diru-laguntzen mapa osatzea, kultura kontsumoa sustatzeko proiektua egitea, musikaren bulegoa sortzea eta Dokumentu Publikoei eta Artxiboei buruzko Legea bultzatzea. (Zerrenda osoa behean ikusi daiteke).

Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiak, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Udalek eta EUDELen bildutako udalak batzen ditu ekimenak. Eta horregatik Bilboko Udaleko Iñaki Lopez Agileta eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mikel Etxeberria ere izan ditu prentsaurrekoan ondoan Muñozek. Iaz hasi ziren lanean erakundeak, eta gaur aurkeztu dute jende aurrean ekimenaren nondik norakoa. Atzo kultur eragileekin izan ziren. Eta Muñozek azaldu duenez, “harrera ona, baina harrera kritikoa” egin zioten zerrendari. Bilera horretarako egin zutela zehaztu du, ordea. Eta positiboki baloratu du horregatik erantzuna. Bere ustez, aspaldi baita, kultur eragileek ere erakundeen arteko koordinazioa bultzatzeko beharra ikusten dutela.

20 PROIEKTUKO ZERRENDA

Zeharkako proiektuak
1-Kulturaren Euskal Behatokia indartzea, jakintza - erreferente den aldetik. (B.I)
2- Sorkuntza Fabrikak programaren bideragarritasuna, optimizazioa eta garapena. (B.I)
3-Politika fiskalak aztertzea kulturaren esparruan (B.II)
4-Eredu eta finantzabideen azterketa eta eskaintza (laguntzen eta diru-laguntzen mapa orokorra barne) (B.I)
5-Kulturklik proiektuaren (euskal kulturaren atari interaktiboa) garapena (B.I)
6-Kultura-ohiturak eta kultura-kontsumoa sustatzeko proiektua (B.I)

Kulturaren Sustapena
7-Euskal artearen emanaldiak, komunikazioa eta zabalkunderako bidek hobetzea (B.II)
8-Teknologia eta formatu berriak ikus-entzunezkoen arloan, negozio-eredu berriak. Zinema euskaraz. (B.II)
9-Dantza tradizionalaren artxiboa garatzea (B.II)
10-Dantza Etxeak (B.II)
11-Digitalizatzea eta eskubideen kudeaketa. (B.II)
12-Musikaren Bulegoa sortzea (B.I)
13-Antzerkiaren esparruan diru-laguntzen mapa berri bat lantzea (B.I)
14-SAREA ereduari buruzko hausnarketa estrategikoa eta egungo egoerara egokitzea (B.II)

Kultura Ondarea
15-Dokumentu Publikoei eta Artxiboei buruzko Legea (B.I)
16-Euskal Liburutegi Digitala edo elektronikoa. On-line mailegu-plataforma garatzea. (B.I)
17-Euskadiko irakurketa publikoko sarea osatzea (B.I)
18-Museoen Sarea, zerbitzuak partekatzeko eta lankidetza sustatzeko (B.II)
19-Kultura Ondareari buruzko Legea berritzea (B.II)
20-Ondare Ez-materiala Babesteko Plana (inbentarioa). Ondare etnografikoa. (B.II)

(B.I) I.Blokea: 2014an heldu behar zaien eta aurreikuspenen arabera emaitzak 2014an izango dituzten proiektuak.
(B.II) II.Blokea: 2014an heldu behar zaien eta aurreikuspenen arabera emaitzak 2015ean izango dituzten proiektuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.