Erlea aldizkariak antolatuta,Erle Irakurlearen Saioa egingo dute gaur, Bilbon, Bernardo Atxaga, Pedro Alberdi, Andres Urrutia, Arantzazu Royo, Joxemari Iturralde, Miel A. Elustondo eta Kepa Altonagak. Euskaltzaindiaren egoitza nagusian izango da saioa, Bilboko Plaza Barrian, 19:00etan hasita.
Erlea aldizkariaren 3. zenbakiko edukiak dira saioaren oinarria, eta presentzia berezia izango du Mohamed Xukri marokoar idazleak (1935-2003). Bernardo Atxagak, Pedro Alberdik eta Andres Urrutiak egindako aurkezpenaren ondoren, Xukriri eskainitako lau atal labur izango dira saioan: lehenik, Atxagak Xukriren Ogi hutsa nobelako pasarte batzuk irakurriko ditu, Arantzazu Royok egin eta Igela argitaletxeak kaleratu berri duen itzulpena baliatuta; ondoren, Joxemari Iturraldek liburuari buruzko iruzkina egingo du; gero, Atxagak Royori galdera batzuk egingo dizkio itzulpenaz; eta, azkenik, Xukri bera hitz egiten erakusten duen bideoa ikusiko da.
Miel A. Elustondok 2003an egin eta BERRIAn argitaratutako elkarrizketa eman du argitara Erlea-ren 3. zenbakiak, BERRIAn tarte faltagatik kanpoan geratutako pasarteak gehituta.
Atxagak, Elustondok eta Alberdik hartuko dute parte hurrengo ataletan, eta amaieran entzuleek hitza hartzeko aukera izango dute.
Gisa honetako saio gehiagorekin, Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetara iristeko asmoa du Erlea aldizkariak.
Erle Irakurlearen Saioa egingo dute gaur Bilbon, 'Erlea'-k antolatuta
Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek eta Andres Urrutiak hartuko dute parte, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu