'Errautsak' antzezlanak gaur jasoko du Donostia Antzerki Saria Viktoria Eugenian
Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu panpina laborategiak gaur jasoko dute Donostia Antzerki Saria, elkarlanean sortutako Errautsak antzezlanagatik. Viktoria Eugenia antzokian izango da ekitaldia 20:00etan, eta sari banaketaren ondoren, lana taularatuko dute. Hileta batean berriro elkartzen den aspaldiko lagun talde bat ageri da obran, eta belaunaldi jakin baten erretratua egiten du. Obra «berritzailea, ausarta eta lotsagabea» dela iritzita ebatzi dute saritzea epaimahaia osatu dutenek, alegia, Belen Cruzek, Itziar Bilbaok, Arantxa Gurmendik, Norka Chiapusok eta Agus Perezek. Ipar eta Hego Euskal Herriko aktoreak elkarlanean jardun izana «aberasgarritzat» jo dute. Euskalki eta hizkera molde ezberdinak «maisutasunez»uztartu izana eta euskal kantutegiko jatorri, garai eta estilo ezberdinetako kantak «ausardiaz» eman izana goraipatu dute, Ximun Fuchsen zuzendaritza nabarmentzeaz batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu