Aurreko urtean Donostian estreinaturiko antzezlanetako bati ematen zaio saria. Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu panpin laborategiak elkarlanean sortutako obra tragikomikoa da Errautsak, eta, joan den azaroaz geroztik, Euskal Herriko agertokietan ari dira taularatzen; oso harrera ona izan du.
Hainbat urte elkarren berri izan gabe igaro ondoren, sei protagonistak (Ximun eta Manex Fuchs, Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreak), 40 urte ingurukoak, lagun baten hiletan elkartu dira berriro, eta gau oso batez gaztaroko kontuak —sexua, droga eta rock-and-rolla— ekarriko dituzte gogora, garai hartako musikaz lagunduta (Kortatu, Delirium Tremens, Itoiz...). Obrak aurrera egin ahala, gaur egungo norbere miseriak ere azaleratuko dituzte. Ximun Fuchs arduratu da taula zuzendaritzaz, eta Igor Elortza eta Unai Iturriaga elkarrizketak orrazteaz.
Errautsak-en hurrengo emanaldia martxoaren 20an izango da, Ondarroan. Saria emateko ekitaldia, berriz, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Ondoren, Errautsak taularatuko dute.