Errealista idealista

Javier Ziga margolaria hil zela 50 urte bete dira gaur; errealismora lotu zuen bere lana, baina abangoardiek eragin zezaten utziz

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar urte dira gaur Javier Ziga margolaria hil zela (Iruñea, 1877-1960). Nafarroan, Madrilen eta Parisen margotutako erretratu, paisaia eta lan kostunbristek jarri dute haren izena garai hartako euskal margolari garrantzitsuenen zerrendan. Errealista izan arren, erromantizismo berantiarretik hartu zuen bere nekazaritza giroko bizimodua eta ohiturak erretratatzeko joera, eta Europako abangoardiek bere margotzeko eran eragin zezaten utzi zuen. Errealismo, erromantizismo eta abangoardien arteko nahasketa horrek eta margotzeko teknika bikainak eman zizkioten izena, ospea eta sariak Zigari, baina frankismoak ezin izan zion bere idealismoa barkatu.

Sanferminetarako kartelak egiten hasi zuen Zigak bere ibilbidea. Hala lortu zituen bere lehen sariak, baita margotze ikasketak egin ahal izateko dirua ere. 1908 eta 1909ko kartel lehiaketak irabazita, Iruñean hasitako arte ikasketak kanpoan jarraitzekolaguntza ekonomikoa jaso zuen senide batzuei esker.

Madrilera joan zen orduan. Han egin zen Velazquez, Goya eta Zurbaranen jarraitzaile. Han hasi zen errealisten margotze eta erromantiko berantiarren gaiak nahasten. Ezin da bere lana errealismoaren eta erromantizismoaren arteko lotura soil gisa ulertu, halere, abangoardiek ere izan baitzuten eraginik haren lanean. Madrilen ikasketak bukatu, eta Europara joan zen 1912an. Alemaniara, Belgikara eta Parisera, azkenik. Bi urte egin zituen han, eta hango giroan murgildurik, inpresionismoaren eta post-inpresionismoaren eraginak bildu zituen.

Han jaso zuen lehen sari garrantzitsua ere; 1914an Elizondoko azokari eskainitako Paysans basques izeneko koadroarekin Parisko Udaberriko Erakusketa esanguratsuan hartu zuen parte. Enkarguak heldu ziren orduan, sariak, erakusketa propioak... Lehen Mundu Gerra hasi zenean, ordea, Nafarroara itzuli behar izan zuen, 1914an. Abangoardiei ikasitako ukitu horiek gorde egin zituen oraindik (paisaietan batez ere), baina errealismora bueltatu zen orduan. Artisten artean izena eta lekua egin zioten bere bi joera nagusietara: kostunbrismora eta erretratugintzara.

Iruñeko zinegotzia

Pintura errealista egiten zuen Zigak, baina idealista zen pentsaeraz. EAJ alderdiko kide eta euskaltzale aktiboa. Zinegotzi ere izan zen bitan Iruñeko Udalean. «Baina aita ez zen politikaria», zehaztu zuen Gurutze Ziga margolariaren alabak BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean. «Politikaria izateko malezia izan behar baituzu, eta aitak ez zuen batere. Aita idealista zen».

36ko gerrarekin, baina, agintari berriek ez zioten idealismo hori barkatu, eta 1937ko apirilaren 14an Iruñeko kartzelara eraman zuten. 1939an atera zen libre, 62 urterekin. Alabak kontatutakoaren arabera, gogor eragin zuen kartzelan bizitakoak Zigaren margotzeko eran. «Kartzelatik aterata, pintatzen segitu zuen, bai, baina ez zuen sortzen, lehenago eginikoa kopiatzen zuen».

Izan zuen hortik aurrera erakusketa eta aitorpenik ere, baina adituek diotenez, 1936ra artekoa izan zen haren garairik oparo eta garrantzitsuena. Frankismoko kartzelatik atera zen Ziga ez zen gehiago kartzelara sartu aurreko Ziga izan.



Erakusketa eta hitzaldiak antolatu dituzte urtemuga ospatzeko

Nafarroako Museoak artistaren lan ezezagunetako bat erakutsiko du hilero, urte osoan
I. A. Iruñea

Iruñean jaio eta bizi izan zen Javier Ziga gehienbat, baina Baztango ibarrarekin (Nafarroa) oso lotuta dago haren bizitza. Hangoak zituen ama eta emaztea, eta bi leku horietan kokatu zituen bere lan garrantzitsuenetariko batzuk. Iruñea eta Elizondo izango dira, horregatik, Ziga Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak artistaren heriotzaren 50. urteurrena gogora ekartzeko antolatutako ekitaldien leku nagusiak. Erakusketak, hitzaldi zikloak, dokumentazio lanak eta monografiko baten argitalpena izango dira Zigaren urtea osatuko duten ekimenetako batzuk.

Nafarroako Museoak hartuko ditu Iruñeko ekitaldirik gehienak. Bertako gela batean orain arte askotan ikusi ez diren margolariaren lanak erakutsiko dira, hilero bat eta urte osoan. Hamabi izango dira, beraz, museoan ikusi ahal izango diren lan berezi horiek. Lehenengoa Combinación a la ruleta olioa izango da. Zigak Parisen zela margoturiko lanetako bat da, hain zuzen ere. Atzo bertan zintzilikatu zuten, eta emakume biluzi bat ageri da koadroan. Erruleta jokorako erabiltzen den mahai gaineko batean etzanda dago. Velazquez espainiarraren oihartzun argia du margolanak, baita Matisse frantziarraren Olympia lan ezagunarenak ere. Adituek diotenez, litekeena da Zigak Parisen zegoela koadro hura ikusi izana.

Zigaren lanen digitalizazioa da aurten egingo den beste lanetako bat. Nafarroako Museoan diren margolariaren lan guztien argazkiak egingo dituzte, baita Ziga Fundazioaren funtsetan diren lanenak ere. Nafarroako Museoko Nafarroako Artisten Funts Dokumentalean gordeko dituzte kopia horiek gero. Azkenik, udaberrian, artistaren figura, lana, eragina eta garai artistikoa aztertzeko hitzaldi sorta egingo da museoan.

Zehaztapenik ez museoaz

Baztan izango da urteurrenaren beste leku nagusia. Elizondon egingo dira ekitaldi gehienak. Esaterako, erakusketa iraunkorra jarriko dute Baztango Museo Etnografikoan. Baztango Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Fundazioak erakusketa martxan jartzeko. Zigaren Bilduma Museografikoa, monografiko baten argitalpena eta pintoreari buruzko katalogoa egitea dira fundazioaren aurtengo beste asmoak.

Artistari eskainitako museoaren alde lanean jarraituko dutela berretsi dute, bestalde, fundazioko kideek. Zehaztasunik ez dago, ordea, proiektu horri buruz. Gobernuaren eta fundazioaren artean hitzarmenik ez badago ere, Lekarozko ikastetxea (Nafarroa) aipatu izan da museoaren kokagune gisa. Haatik, berriki eraikina eraitsi egin dute, eta Juan Ramon Corpas Nafarroako Kultura kontseilariak bertan egingo den eraikin berriaren barruan kulturarentzako gune bat izango dela aipatu duen arren, ez du museoaren egitasmoari buruzko zehaztapenik eman. Bidasoa inguruko artistentzat leku bat egon daitekeela baino ez du adierazi.





Pello Fernandez.Ziga Fundazioko idazkari eta Artearen Historiako irakaslea

«'Konpromisoa' da Zigaren figura definitzeko hitza»

I. Astiz. Iruñea

Javier Zigaren lana gordetzea, babestea eta zabaltzea dira fundazioaren helburuak, baita, beraz, Pello Fernandez idazkariarenak ere. Margolaria hil zeneko 50. urteurrena betetzen da aurten, eta haren biografia eta lanen katalogoa ari da prestatzen Fernandez.

Nafarroako margolaririk garrantzitsuenen artean dago Javier Ziga. Zerk egiten du hain margolari berezi?

Garai horretan margotzen zena margotzen zuen Zigak. Erromantizismo berantiarretik, ohiturak, jendea eta, azken finean, herria margotzeko joera hartu zuen, eta errealismotik islatu zuen hori. Beste aldetik, Parisen egon zenean, ez zion han ikusitakoari uko egin. Zenbait ekarpen sartu zituen bere pinturan. Pintzelkada motak, kanpoaldean margotzea, eta baita konstruktibismoaren zenbait zantzu.

Cezanneren zantzuak dira.

Batez ere geometrismoa hartu zion hari. Baztango baserrien koadroetan ageri da hori argien. Laukitxoz eta lauki zuzenez eginak daude. Geometrismo purua da hori, eta Cezannerengan ditu oinarriak. Asko miretsi zuen. Beste garaikideek adibidez, ez zuten halakorik egin. Beste euskal artista garaikideek uko egin zioten abangoardiei, baita inpresionismo eta post-inpresionismoari ere. Hori izan zen Zubiriren kasua, adibidez. Zigak ez. Errealismoaren bidea jarraitu zuen, baina Parisen ikusitako ekarpen horiek bereganatu egin zituen.

Interesgarria da, adibidez, Combinación a la ruleta izeneko koadroaren kasua. Parisen margotu zuen, eta hari buruz eman duzun hitzaldian azaldu duzunez, Nafarroara bueltatzean halakorik egitea zaila izango zitzaiola sumatuta egin zuen margolan hori.

Bai, hala da, baliatu egin zuen, nolabait ere, Parisko orduko giroak eskaintzen zion askatasuna koadro hau egiteko. Parisen egon zen koadro hau denbora luzez, 50eko hamarkadara arte edo. Gero familiak berreskuratu zuen, eta 60ko hamarkadan hasi zen hemen erakusten. Ordura arte pentsaezina zen halakorik egitea.

«Ziga galdua». Hala deskribatu duzu margolariaren Parisko garaia.

Han oso obra garrantzitsuak gelditu zirelako esan dut hori. Adibidez, han gelditu zen erruletako emakume beraren beste koadro bat, Espainiako erara jantzita. Ez zen bakarra izan. Hor dago El granadino koadroa ere, eta Amanecer en el Sena da galdutako koadroen artean garrantzitsuena. Baditugu Parisko paisaia batzuk, baina obraren zati handi bat galduta dago. Neurri txikiko koadroak dira gelditzen diren bakarrak.

Beste artista askok bezala, Paristik Nafarroara itzultzean pertsonalki eta artistikoki sufritu zuen Francoren diktadura. Margolaria eta margotzeko era, biak suertatu ziren kaltetuta.

Konpromiso hitza da nik Zigaren figura definitzeko erabiltzen dudana. Euskal munduaren eta euskal kulturaren aldeko ia mugimendu guztietan hartu zuen parte. Asociacion Euskara zelakoaren sorreran egon zen, Arturo Campionen laguna izan zen, Eusko Alderdi Jeltzalean ere hartu zuen parte, eta hirutan izan zen zinegotzi Iruñeko Udalean. 36ko guda etorri zen gero, ordea, eta ederki ordaindu zuen ordura arte egindakoa. Erbestera alde egiteko aholkua eman zioten lagunek, baina berak oso argi zeukan ez zuela ezer txarrik egin, eta 60 urte zituela kartzelara eraman zuten. Tratu txarrak jasan zituen. Oso edadetua atera zen handik, eta sormen aldetik ere... jadanik ez zen lehengo bera.

Ordaindu ere, bere margolanekin ordaindu behar izan zuen bere askatasuna, ezta?

Ondasun guztiak kendu zizkioten. Ehorztetxe bat zuen, eta kendu egin zioten. 2.500 pezetako isuna jarri zion Erantzukizun Politikoen Auzitegiak, ideia politiko horiek izan eta talde horietan parte hartzeagatik. Garai hartan dirutza bat zen hori, eta elikatu beharreko lau seme alaba zituen. Eskolapioentzako El Cristo de la Sanción margolana egin zuen, horregatik.

Eta hori berreskuratzerik izan al da?

Eskolapioek erosi egin zuten margolana, eta haiena da orain. Haien elizako aldarean dago oraindik ere.

50 urte dira Ziga hil zela. Zer da harengandik berreskuratu beharko litzatekeena?

Haren memoria eta obra. Haren lana berriz aztertu behar da, eta horregatik haren biografia eta katalogo bat egingo ditut aurten. Obra asko galduta daude, bestalde, eta horiek berreskuratzen saiatu beharra dago, gutxienez, non dauden eta zehazki zer obra diren jakiteko. Lan handia dago oraindik egiteko Javier Zigaren inguruan.Gaur egungo gazteei hurbilarazi egin behar zaie haren lana, bestalde. Azken finean, Ziga oso ezaguna da belaunaldi batentzat, baina ez oraingo gazteentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.