Gasteizko Jazzaldia

Erreferente bat eta maisua deitzen diotena gaur Gasteizen

Pat Metheny gitarra jotzailea eta Fred Hersch piano jotzailea ariko dira jazzaldian, Mendizorrotzan

Igor Susaeta.
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Pat Metheny estatubatuarra erreferente bat da jazzeko gitarra jotzaileen artean. Izar bat. 1980ko hamarkadatik gaurdainoko tartean existitu den irudimentsuenetako bat da, adituen esanetan. Gasteizko Jazzaldian joko du gaur, Mendizorrotzan, jaialdiaren azken-aurreko egunean. Erreferentearen aurretik, baina, The New York Times egunkariak «maisu» deitu dion piano jotzaile estatubatuarra: Fred Hersch. The New Yorker aldizkari entzutetsuak ere laudatu izan du: «Piano- jotzaile poeta da». 21:00etan hasiko da emanaldia.

Aspaldi, 1974an, grabatu zuen aurreneko diskoa Pat Methenyk. Jaco Pastorious mitikoa eta Paul Bley izan zituen alboan. Gero, Gary Burtonen taldearekin aritu zen hiru urtez, 1974tik 1977ra, eta urtebete geroago Lyle Mays teklatu jotzailea ezagutu zuen. Pat Metheny Group osatu zuten biek. ECM diskoetxearen talde kutuna bilakatuko zen. Baina ez du taldearekin bakarrik jo. Jazz musikari ezagunekin kolaboratu izan du urteotan guztietan. Ornette Colemanekin, Michael Breckerrekin, Charlie Hadenekin, Herbie Hancockekin... Eta baita David Bowierekin berarekin ere.

Guztira 19 Grammy sari pilatu ditu bere ibilbidean. Joan den otsailean eman zioten azkena, What's All diskoagatik. Bere bigarren lan akustikoa da hori, eta Paul Simonen edota Burt Bacharachen musika baliatu zuen, besteak beste, hori ontzeko. Unity Bandekoekin arituko da Metheny gaur Gasteizen. Chris Potter saxofoi jotzaile handiak, Ben Williams kontrabaxu jotzaileak eta Antonio Sanchez bateria jotzaileak osatzen dute taldea.

Herschek ez ditu Methenyk bezainbeste Grammy irabazi, baina sari horretarako zein beste batzuetarako hautagaia izan da askotan. Bostonen ikasi zuen, eta gazterik jo zuen New Yorkera. Iritsi eta gutxira, musikari handienek berarekin jo nahi zuten. Bradley's klub mitikoan bakarka jotakoa da Hersch... Hogei diskotik gora grabatu ditu taldeburu gisa, eta, adituen ustez, azken hamarkadetako piano jotzaile berritzailenetako bat da.

Principalen, Akinmusire

Ambrose Akinmusire 18 urterekin etorri zen lehen aldiz Gasteizera, 2001ean. Tronpeta jotzaile birtuosoenetako bat izatera iritsi da. Principal antzokian ariko da gaur, 18:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.