Errepasoaren ordua

Tom Waitsek bihar kaleratuko du 'Bad as Me' disko berria, azkeneko urteotan grabatu duen diskorik zuzen eta bat-batekoenaBerrogei urteko ibilbidean landu dituen soinuak berreskuratu ditu diskoan

Tom Waitsek iraganeko diskoetan jorratutako soinuak berreskuratu ditu Bad as Me disko berrian. JESSE DYLAN.
mikel lizarralde
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Topikoak, irudi mistifikatuak eta bere ahotsari buruzko metafora merkeak ditu segika. Gorputzari atxikita, atzean utzi ezinak. Berak ere ezer gutxi egiten du denon artean eraikitako estereotipoari ihes egiteko eta agerraldi nahiz elkarrizketa oro pertsonaia elikatzeko baliatzen du. Tom Waits da. Pertsona eta pertsonaia. Eta kantu berriz osatutako diskoa dakar besapean, aurrenekoa zazpi urtean: Bad as Me. Bihar jarriko dute diskoa salgai mundu osoan, baina aste osoan haren webgunean egon da entzungai gonbidapena zuten guztientzat.

Waitsek (Pomona, AEB, 1949) ez du inoiz hainbeste urte behar izan kantu berriz osatutako disko berri bat osatzeko. Aurrekoa, Real Gone, 2004an kaleratu zuen, orain dela zazpi urte. The Black Rider (1993) eta Mule Variations-en (1999) artean ere urte tarte luze samar bat igaro zen, baina orduko hartan, diskoetxea ere aldatu zuen bidean. Oraingoan, ordea, lasaiago hartu du, eta zazpi urte hauetan kaleratu du Orphans (2004), bidean galdutako kantuen bilduma erraldoia, eta Euskal Herrira lehenengo aldiz ekarri zuen bira bat ere abiatu zuen 2008an —gerora Glitter and Doom: Live (2009) diskoak jasoko zituen kontzertu haietako batzuk—.

Eta zergatik orain? «Hau ez da zientzia bat», dio Waitsek disko bat noiz kaleratu nola erabakitzen duen galdetzen diotenean. «Kantuak egitea erraza da. Oso erraz eraikitzen dira. Filmak, adibidez, ikaragarriak dira duten tamainagatik. Zinema zuzendari askok nahiko lukete kantuak egin, ilea mozten ari zaizkizun bitartean egin daitekeen zerbait delako».

Kantuak egin, egin ditu Real Gone diskoa grabatu zuenetik, baina orain grabatu eta bildu ditu disko batean. «Iritsi da momentua, besterik gabe. Une batean ohartzen zara hor daudela kantuak, zure inguruan deika, eta etxetik alde egiten utzi behar diezu».

Waitsek oso berea duen umorea azaldu zuen abuztuaren amaieran Bad as Me-ren berri emateko bere webgunean antolatutako performance-bideo zirikatzailea jarri zuenean. Disko berria entzuteko festa pribatu bat antolatu zuela zabaldu zuten Interneten, eta webgunera jo zuten guztiek promozio bideo bitxi bat aurkitu zuten bertan. Bideoan, Waits disko berriko kantuak ari da entzutentelefono dei bat jasotzen duenean. Musika moztu, eta kamerari zuzentzen zaio: «Beno, arazo bat daukagu. Sentitzen dut moztu behar izana, baina badirudi dagoeneko ez dagoela pribatutasuna deitzen den hori. Interneteko zerbait da (...) Azaltzen dizuet: zure urtebetetzea bada eta garaiz iritsita tarta jaten badut, opariak zabaltzen baditut eta zure jostailuekin jolasten badut... gustatuko litzaizuke? (...) Orain dena pentsatu beharko dut berriro, baina esango dizuet».

Kantu zuzen eta laburrak

Azken hamar urteotan Waitsek grabatu duen disko bakoitzak parametro oso jakinei erantzun die, gai batetik edota literatur obra badela tetik sortutakoak izan direlako, dela musika aldetik beren bide propioa markatu nahi izan dutelako. 2002ko Alice eta Blood Money neurri batean iraganera begiratzen zuten diskoak ziren. Lehenengoak Lewis Carrollen mundura egiten zuen salto Robert Wilsonen obra baterako idatzitako kantuen bidez, eta Waits pausatuena, erromantikoena eta ilunena aurkezten zuen. Blood Money-k, berriz, Georg Buchner poeta alemaniarrak 1837an amaitu gabe utzitako Woyzeck antzezlanari jartzen zion musika, gerra arteko garaietara eramaten zuen entzulea, umore garratza galdu gabe.

Real Gone, ordea, oso bestelako lana izan zen. Pianoari bizkar emanda eta samplerren nahiz loop-en bidez,Waitsek bere alderik gordinena azaleratzen utzi zuen, perkusio errepikakor eta aratzei zein proto hip hop esperimentuei lekua eginez. Waits esperimentalena, egiazki.

Bad as Me, ordea, oso bestelako diskoa da. Azkeneko lan guztiak baino zuzenagoa, laburragoa eta askotarikoagoa. Neurri batean bada ere, haren ibilbidearen laburpen gisa ere uler daiteke eta, zalantzarik gabe, azken urteotako diskoek baino bat-batekotasun handiagoa du. «Nire emazte Katheleenek [Brennan] hiru minutuko hamabi abesti nahi zituen; zuzenak», arrazoitu du Waitsek Bad as Me-ren estiloaren nondik norakoak azaltzean: «Berak dio jendeak ez duela denbora askorik diskoak entzuteko. Nik beste modu batean pentsatzen dut. Hemeretzi abesti sartzeko aukera daukat? Ba, hemeretzi sartuko ditut. Baina berak ezetz. Hamabi bakarrik. Arrautzak bezala. Asko egin dezakezu bi minututan. Eta ni ere hasi naiz ekonomikoagoa izaten». Azkenean hamahiru kantu labur bildu ditu diskora, guztiak hiru eta lau minutu artekoak, eta beste hiru abesti (She Stole The Blush, Tell Me eta After You Die) Bad As Me-k izango duen edizio berezirako gorde ditu.

Berarekin behin baino gehiagotan lan egin izan duten musikariekin aritu da, oraingoan ere, Waits: Marc Ribot gitarrista, Larry Taylor baxu jotzailea, Casey Waits semea (bateria)... familia bat osatzen dute, noizbehinka beste senide batzuei ere lekua uzten dien familia handi bat. Bad as Me-n, besteak beste, David Hidalgo gitarristak eta Charlie Musselwhite harmonika jotzaileak jo dute, baita Keith Richardsek ere. The Rolling Stoneseko gitarristak Rain Dogs diskoan (1985) ere parte hartu zuen: «Diskoa prestatzeko orduan, diskoetxera joan, eta galdetu zidaten. 'Nahi al duzu gonbidaturik diskoan?' 'Zer moduz Keith Richards', erantzun nien. Txantxetan ari nintzen, baina norbaitek deitu egin zion. Han etorri zen, 600 bat gitarrarekin». Kasualitate edo ez, disko berriko Satisfied kantuak ageriko keinua egiten dio Jagger eta Richardsen Satisfaction-i.

Bad as Me-k arazorik gabe egiten du jauzi estilo batetik bestera, errepikapenari muzin eginez. Chicago frenetikoarekin hasten da, rhythm and blues eta jazz erritmoekin, eta rock eta blues beltzari disko osoan egingo dizkion keinuak (Bad as Me, Raised Right Men koipetsua) aurreratzen ditu kantariak. Baina Waitsen azkenak beste aldea ere erakusten du, pianoarekin edota gitarrarekin baladak eta kantu barnerakoiak egiten dakien konpositorearena. Talking at The Same Time, Pay Me eta Back In The Crowd multzo horretan sartuko lirateke. Eta Get Lost-ek 50eko hamarkadako rock-and-rollean sartzen ditu atzaparrak bete-betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.