Azaroa izanagatik, bero doa Baiona eta Miarritzeren arteko errugbi partida, derbi handia. Hura ikusten ari da Amaia Ezpeldoi detektibea, Jean Daugerren harmaila beteetan. Baina, bat-batean, Daniel Elgebeltz izeneko gizon bat hurbilduko zaio, eta hizketan hasi; ikusten ari diren lehiarekin zerikusirik ez daukan kontu batez, gainera. Aitortza batekin dator. Esango dio bere arreba, Jana, 1985eko udan desagertu zela Santizpiritu zubian, Baionako festetan. Hura ikertzeko eskatuko dio Ezpeldoiri. Horrela abiatzen da Itxaro Bordaren azkeneko eleberria, Boga Boga (Susa) izenekoa, detektibearekin ondutako bosgarrena. Neska-laguna aldatu du Ezpeldoik, lagun berriak ditu, baina enkargua, beti bezala, «bitxia da», Gorka Arrese Susako editoreak atzo aurkezpenean adierazi zuenez. Oraingoan Lapurdiko kostaldean kokatu du akzioa Bordak, eta bere intentzioetako bat izan du Iparraldea azkeneko 30 urteotan «kulturalki eta politikoki» nola aldatu den «erakustea».
Ezpeldoi arduratuko da horretaz, eta Bordarentzat «plazera» izan da detektibea berriro «aktibatzea». Pertsonaia «sinbolikoa» da egilearentzat: «Bai niretzat, bai irakurle euskaldunentzat, eta bai euskaldunak ez direnentzat ere. Egin izan ditut hari buruzko ipuin batzuk, enkarguz, katalanez, alemanez edo frantsesez argitaratu izan direnak».
Gainera, detektibeak ematen dio aukera Euskal Herriari buruz idazteko. «Gertaera indibidualak edo kolektiboak kontatzen ditut gogoeta egiteko, eta digresio moduan plazaratu sail honetan». Bilatzen ditu oraindik ere Iparraldeko literaturara ekarriak izan ez diren gaiak, eta gogoko du «liburu bakoitza gertakari berezi batekin hastea». Errugbi partida ez dela «oso femeninoa» iruditzen zaio. «Baina aldarrikatu nahi du emakumeek badutela eskubidea «gureak ez diren gaietan sartzeko. Politikan, kulturan, kirolean...». Ironiaz mintzo zen Borda.
«Beste liburuak ez bezala», Boga Boga Euskal Herritik kanpo idatzi du Bordak; Hesse eskualdean, Wiesbadenen (Alemania), hain zuzen. «Proiektua proposatu nion Akitania eta Hesse eskualdearen artean sortutako halako idazketa talde bati, eta Akitaniakoen multzotik aukeratu ninduten». Hortaz, «giro arrotzean» idatzi du bi hilabetez. «Ez dut egunero Santizpiritu zubia zeharkatu, lan ordutegietatik aske ibili naiz...». Harrigarria zitzaion, eta «opari baten gisara» hartu zuen baldintza horietan lan egitea. «Virginia Woolfek gomendatutakoa egiaztatu ahal izan dut; gela bat, dirua eta denbora edukita idaztearena, alegia».
Eta uste du, aldi berean, etxetik kanpoa idazteak «ohi baino gehiago» akuilatu duela. «Libreagoa» sentitu da, zergatik ez dakien arren. «Igual denbora gehiegi pasatzen dugu gure inguruetan, eta ez gara ausartzen gogoan ditugunak esatera». Dena dela, irudipena dauka Bordak Euskal Herrian idaztea «libertate eskola bat» dela, «orokorrean».
Alemaniara joandakoan Euskal Herriko musikarekin osatutako disko bat eraman zuen; argazkirik ez, ordea, gogoan irudiak sortu ahal izateko. «Buruan nituen irudiekin eta ingurukoekin sortu nuen nobelako paisaia». Eta irudi horietan, Ezpeldoiren munduan Donostia ageri da aurrenekoz. «Eta uste dut berriro itzuliko dela. Gainera, kasualitatea izan daiteke, baina Donostia eta Wiesbaden senidetutako hiriak dira».
Ikerketak Donostiara eraman du detektibea, baina batez ere Lapurdiko kostaldean ibiliko da desagertzea argituko duten zantzuen bila. Landetatik Miarritzeraino, Angelu eta Baionatik pasatuz. Izan ere, Iparraldeak azken 30 urteotan bizi izan duen aldaketa islatu nahi izan du Bordak. «Bereziki orain egiten dugu atzera, ETAk bakea iragarri duen honetan... Ikusten duzu zer gertatu den gure gizartean, noraino joan garen gauzetan, eta zer bilakatu garen... Hori azaltzen da eleberrian». Eta hori da liburuaren «atzealdeko galderetako bat».
Nobelaren musika, ordea, agerian azaltzen da. Bordak, «besteetan bezala», musika bat jarri dio liburuari. «Kapitulu bakoitzean ematen dut talde baten izena, edo abesti bat aipatzen dut, behintzat». Liburuaren beraren izena abesti bat da, euskal kanta herrikoi batena. «Baina nik ez dut hori aitzakiatzat hartu, izen berarekin Delirium Tremensek egindako kantu minbera baizik».
Neska-laguna, polizia bat
Halere, musikak baino garrantzi handiagoa du lagun taldeak, Ezpeldoiren nobeletan. «Lesbiana talde bat da», bost pertsonak osatutakoa. «Gainera, kultura, klase, fede eta ofizio anitzetakoak dira». Nolwen, detektibearen neska-laguna, talde horretakoa da. Frantziako Poliziako kide da Nolwen. «Barnean eztabaidak eragingo dizkio horrek Ezpeldoiri. Nekez onartuko du azken 30 urteetan gorrotatu duen gorpu bateko kide batekin maiteminduta dagoela». Bordaren irudiko hori da «gure paradoxetako bat».
Kontakizunari buruzko argibide dezente eman zituen egileak atzo, baita nobelaren espirituari buruzkoak ere. Hala, pentsatzen du bere liburu «queer-ena» dela. «Erakutsi nahi dut idazleak ere baduela ahalmena bere ametsetako tokiak paperean jartzeko». Horren erakusgarri, Miarritzeri eman dion garrantzia. «Baionarekin batera, panorama euskaldunean sartu nahi dut». Eta ahalmenaz, aitortzaz, eta errugbi zelaian hasitako ikerketaz gaindi, eskaintza: «Euskal Herrian, agerian edo gordean bizi diren lesbiana, bisexual eta transexualei eskaini nahi diet liburua».
Errugbi lehia beroan, aitortza
Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibeari eman dio orain 25 urteko desagertze bat argitzeko ardura, 'Boga Boga' eleberrianIparraldea politikoki eta kulturalki azken 30 urteotan nola aldatu den azaldu nahi izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu