Errusiako zinemaren poeta

Sobietar Batasunaren garaian eragin eta garrantzi handiko zinemagilea izan zen Andrei Tarkovski. Zazpi film zuzendu zituen, eta 'Denboraren zizelkaria' teoria garatu zuen. Gaur, 25 urte dira hil zela.

Zazpi film zuzendu zituen Tarkovskik bere ibilbidean; azkena erbestean izan zen, Offret, 1986an. BERRIA / BERRIA.
Maite Alustiza.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Arteak indarra eta itxaropena ematen digu zentzugabekeria ukitzen duen mundu krudelaren aurrean». Andrei Arsenievitx Tarkovskiren hitzak dira (1932-1986), Sobietar Batasunaren garaian eragin handia izan zuen zinemagilearenak. Narratiba modu berriak ikertu zituen, eta teoria bat garatu zuen bere ibilbidean: denbora zizelkatzea irudi zinematografikoa biluzik uzteko. Gaur 25 urte dira Tarkovski «zinemaren poeta» zendu zela, biriketako minbizi baten ondorioz.

Musika, pintura eta eskultura interesatu zitzaizkion gaztetatik. Zinema ikasten ere jardun zuen, eta oraindik profesional ez zela jaso zituen lehen fruituak, ikasketa amaierako Katok i skripka lanarekin. 30 urterekin jo zuen nazioartera, Ivanovo detstvo lehen film luzearekin. Veneziako zinema jaialdian begirada guztiak bereganatu zituen, baita Urrezko Lehoia eskuratu ere.Gerraren gogortasuna islatu zuen film hartan, 12 urteko haur baten begietatik. Lan egiteko askatasunak, ordea, ez zuen luzaro iraun. Errusiako agintariek estu hartu zituzten herrialdeko zinemagileak, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren ildo ideologikotik jarraituko ez zuten beldur. Gerra Hotzaren erdi-erdian, erregimenaren aurka egindako edozein salaketa laster zen zapaldua. Filmak egiteko aurrekontuak murriztu, eta hainbat film debekatu zituzten; tartean zen Andrey Rublyov (1966), Tarkovskiren bigarren lan luzea. Rublyov margolari errusiarraren bizitza hartu zuen ardatz zinemagileak, eta aldi berean islatu zuen errusiarren bizitza tartariarren inbasiopean. 1971n ikusi ahal izan zuten Errusian lehenengoz, eta murrizketak murrizketa, munduko ehun film onenen artean izendatu zuten. Oraindik ere «Errusiako historia hoberen islatu duen film» gisa hartzen dute hainbat adituk.

Agintarien neurrien aurrean, Tarkovskik gogor salatu zituen botereari men egin zioten zinemagileak, baita Mendebaldean hobeto ordaintzen zena egiteko artea baztertu zutenak ere. Ideologiaren gainetik, hark argi zeukan zein zen artistaren egitekoa: «Lanbidearen trikimailuak erraz ikas daitezke; ez, ordea, duintasunez eta independentziaz pentsatzea».

Denboraren garrantzia

70eko hamarkadan zientzia fikzioari eutsi zion Tarkovskik Solyaris (1972) eta Stalker (1979) filmetan. Tartean zuzendu zuen Zerkalo (1974), errealitatea eta ametsezko mundua uztartzen dituen pelikula. Egilearen bizitzaren zantzuz josita dago azken hori, eta haren aita Arseniren poemek ere badute lekua.

Solyaris Stanley Kubricken 2001: Una odisea en el espacio filmaren erantzun gisa ulertzen dute askok; Tarkovskik, ordea, filma ikusi gabe zuela aitortu zuen beti. Estazio espazial batean girotuta dago, eta jorratzen dituen gaien artean daude gizakiaren balio moralak, ahultasuna eta txikitasuna. Horretan ere egin zion aitari erreferentzia, filmeko etxeak aitaren etxeak Tarkovskirentzat duen garrantzia sinbolizatzen baitu. Stalker-en, aldiz, apokalipsiaren ondorengo garai batera egiten du bidaia. Edertasuna bilatzen zuen fotograma bakoitzean «zinemaren poetak». Kasu horretan, paisaia erabiliko du gizakien emozioak azaleratzeko elementu gisa.

Narratiba modu berriak ikertu zituen bere ibilbidean, eta horren emaitza izan zen Denboran zizelkatzea. Zinemagilearen liburu ezagunenaren izenburua ez ezik, haren teoria ospetsuenaren formula ere bada. «Zinemagileak denbora tarte bat zizelkatu behar du irudi zinematografikoa biluzik uzteko». Zerkalo filmatu ondoren, Aristotelesen premisei jarraituko ziela adierazi zuen Tarkovskik: istorioa toki eta egun bakar batean kokatzea erabaki zuen. Denborak garrantzi handia zuen haren lanetan, eta maiz ageri dira bestelako elementuak ere: naturako elementuak, ametsak, jainkoa eta espiritualitatea, Errusia... «Pentsamendua iragankorra da, eta irudia, absolutua. Arteak, batez ere, giza ariman du eragina, eta gizakiaren egitura espirituala osatzen du».

1983an egin zuen Sobietar Batasunaren menpeko azken filma, Nostalghia. Filmatu eta gutxira erbestera alde egin zuen, Suediara. Azken egunak, erbestea, nostalgia zituen oinarri lanak. Garai hartan aberriaren eta familiaren nostalgiak hunkituta zeukaten Tarkovski, eta filma haren gogo aldartearen ispilu gisa ikusi dute askok.

Offret izan zen guztietan azkena, 1986an. Ingmar Bergman zinemagilearen laguntzaileak izan zituen kide, eta Cannesko zinema jaialdian lau sari eskuratu zituen. Epaimahaiak eman zion saria, ordea, ezin izan zuen jaso, biriketako minbiziaren erruz. Azken lan horretan islatu zuen Tarkovskik hoberen bere teoria. Hamar minutuko iraupena zuen eszena filmatu zuen, munduko zinemagintzan aurrekaririk gabekoa. 1986ko abenduaren 29an hil zen, Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.