Euskaraz, galizieraz eta katalanez idazten duten idazleen urteroko bilkura, Galeusca, Euskal Herrian egitea egokitzen da aurten, eta datorren asteko asteburuan egingo da, Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean eta San Telmo museoan zehazki.
Hasteko, urrriaren 26an, poesia eta musika emanaldia izango da, 19:30ean, Koldo Mitxelena kulturunean, Zazpi poeta alén da fronteira izenburuarekin, Pamiela argitaletxeak atondutako poesia antologian oinarritua. Xose Estevez, Jose Angel Irigarai eta Luis Rei izango dira irakurleak, eta Ruper Ordorika eta Arkaitz Miner musikariak.
Biharamunean, urriaren 27an, 09:30ean harrera ofiziala egingo zaie lehenik Galeuscako idazle guztiei, San Telmo museoan, eta gero hiru saio egingo dira: Esateko idazten dena: ahozkotasuna, Juan Kruz Igerabide (Euskal Idazleen Elkartea), Laia Martinez Lopez (AELC Katalanezko Idazlen Elkartea) eta Antonio Reigosa (AELG Galizierazko Idazleen Elkartea) idazleen parte hartzearekin, 10:15ean; Esateko idazten dena: hedabideak, Rafa Xambo i Olmos (AELC), Xurxo Manuel Souto (AELG) eta Arantxa Iturbe (EIE) idazleen parte hartzearekin, 12:15ean; eta Esateko idazten dena: arte eszenikoak, Vanesa Sotelo (AELG), Aizpea Goenaga (EIE-Etxepare Institutua) eta Luis Arcarazo (AELC) idazleen parte hartzearekin, 16:30ean. Moderatzaile lanak Ana Urkizak egingo ditu.
Egun berean, 18:30ean Hirutan ipuinak iruten ipuin kontaketa egingo dute, San Telmo museoan, Josemari Carrerek (euskaraz), Cristina Mirindak (galizieraz) eta Carles Farcia Domingok (katalanez).
Azkenik, urriaren 28an, igandearekin, Galeusca Federazioaren Batzar Orokorra egingo da. Batzar hori izan ezik, ekitaldi guztietan ateak irekita izango dira joan nahi duen edonorentzat.