Gogoratzen naiz, lehengo amonen / zapi gaineko gobaraz / gogoratzen naiz, lehengo amonaz / gaurko amaz ta alabaz». Maialen Lujanbiok 2009ko abenduaren 13an, Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela jantzita zuela, kantatutako bertso zati hori ekarri zuen gogora Jone Miren Hernandez EHUko irakasle eta Eusko Ikaskuntzako bazkideak, atzo, Donostiako San Telmo museoan, Euskal Pizkundea eta Aitzol zikloaren barruan egindako hitzaldiaren hasieran. Lujanbioren garaipena «urte askotako lan pertsonalaren fruitu» izan baldin bazen ere, garaipen horren atzean, euskal kulturaren ikuspegitik begiratuta, «lan kolektibo asko» ere badago, Hernandezen ustez. «Bereziki, euskal emakumeek euren eskubideak aitortuak izateko egindako ahaleginak antzeman daitezke txapel horren atzean». Euskal Pizkundea eta emakume berria: idazle, hizlari, bertsolari hitzaldian, Euskal Pizkundeko emakumeek Lujanbiori «zertan lagundu zioten» zehazten ahalegindu zen hizlaria.
Euskal Herriko matriarkatuaren «formulazio modernoa» XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran koka daitekeela uste du Hernandezek, «Euskal Pizkundearen sorreran eta garapenean». Matriarkatu horretan emakumea familiaz eta etxearen kudeaketaz arduratzen da, eta etxean eta baserrian hasten eta amaitzen da haren agintea. Euskal nazionalismoak, ordea, bestelako betebehar batzuk ere eman zizkien emakumeei, tradizioaren eta hizkuntzaren —euskararen— zaintzaile gisa batik bat. «Ondorioz, emakumeek birritan bete behar zuten amaren papera: etxean eta aberrian. Planteamendu honek bereizketa nabarmena ezartzen du: alde batetik, ekintza politikoa dago; bestaldetik, ekintza edo jarduera patriotikoa. Lehenengoa gizonezkoen eskuetan bakarrik geratzen da; bigarrena emakumeen eskuetan».
Emakume Abertzale Batzaren sorrera, 1922an, aurrerapauso handia izanzen «emakumeen parte hartze sozialean», emakumeek esparru politikoan parte har zezaten bultzatu baitzuen. «Baina laster geratuko ziren agerian jarduera horrek sortutako kontraesanak. Emakumeak eta haien diskurtsoak beharrezkoak jotzen ziren aberriaren nozioa modu erangikorrenean azaltzeko, zabaltzeko eta aldarrikatzeko, beti ere emozioaren, sentimenduaren eta bihotzaren bitartez. Emakumeen jardunbideaaberriarenganako maitasunaren fruitua zen, eta modu horretan ekintza horien izaera politikoa desagerrarazten zen».
Moda berrien aurka
Horretaz gain, emakume hizlari haiek«feminitatean antzematen ari zen krisian» eragin behar izan zuten, kanpotik etorritako moda berriak —janzteko estiloa, mugitzeko eta dantzatzeko moduak…— zentzugabekeriak zirela aldarrikatuz. «Nazionalismoaren ikuspuntutik moda berriak arriskutsuak zirelako, eta emakumeak zirelako egokienak joera berri haiei aurre egiteko».
«Emakumeen egoeran zein irudikapenean» ageriko aldaketak gertatu baldin baziren ere, Hernandezek uste du, Miren Llonak gaiari buruz idatzi zuenarekin bat eginez, Euskal Pizkundearen garaiko Euskal Herrian ez zela izan garai hartan Europan izan ziren emakume moderno eta transgresoreen benetako islarik. Emakumeen parte hartze soziala handitu zen, baina matriarkatuak ezarritako genero banaketa urratu gabe, irakasle, idazle eta batez ere hizlari gisa. «Emakumeen papera betetzen zuen emakumea onartua eta baloratua izango zen. Aurreikuspenetatik alde egiten zuenak, aldiz, kritika zorrotzarekin etabazterketarekin egingo zuen topo».
«Praktikatik abiatu ziren emakume haiek, eta praktikak lagundu zien bide berriak aurkitzen», Hernandezen ustez. «Diskurtsoaren edukia baino diskurtsoa bera —ekintza gisa ulertuta— bilakatu zen bitarteko edo baliabide emakume berriaren sorreran eta garapenean». Praktikaren bidez jorratutako bide haren itzala luzea delakoan dago. «Beren bidea egin zuten eta egite horrek irudi berriak eta berritzaileak sortu zituen: euskal emakume aktiboa, kontzientea eta parte hartzailea, baita arlo publikoan ere».
Maialen Lujanbiok 2001eko elkarrizketa batean erabilitako bertsolari pertsona kontzeptua aipatu zuen hitzaldiaren amaieran Hernandezek. «Maialen Lujanbiok Euskal Pizkundeko amonen oihartzuna entzun izan balu bezala erabaki du bere burua, bere pertsona eta bertsolariarena bat egitea», esan zuen. «Eta elkartze horretan ekintzak, jardunbideak, du indarra. Egiten duen horretan errekonozitzen da bera; eta ez emakume gisa suposatzen zaion horretan. Performanceak esentzia baztertu du, eta horrekin batera eztabaida mahai gainean jarri du: zer da emakumea izatea? Zer da euskal emakume izatea? Denborak esango digu. Jada Euskal Pizkundeko emakumeak erantzunaren bila abiatu ziren».
Esentziatik harago, ekintza
Beren bidea eginez eta praktikaren bidez Euskal Pizkundeko emakumeek euskal emakume «aktibo, kontziente eta parte hartzailearen irudi berritzailea» sortu zutela uste du Jone Miren Hernandez irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu