Gaur 10:30ean zabaldu dituzte Landako guneko ateak Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azoka hartzeko. Aurrekontu apalagoarekin eta krisiak baldintzatuta egingo da aurtengo azoka, baina euskal idazle eta musikariek osatutako lanen eskaintza zabalaren erakusleiho da berriro. Izan ere, krisiari iskin egitea lortu du sorkuntzak, eta 505 nobedade izango dira Durangon; 339 liburu, 85 disko, 30 aldizkari, hogei DVD, bederatzi CD-ROM eta bestelako 22 produktu. Asteazkenean amaituko da azoka.
Orotara, 138 eragilek erakutsiko dute beren produkzioa 285 salmahaitan. Iaz baino zazpi mahai gutxiago dauden arren, ez da eragilerik kanpoan geratuko, eta denek dute tokia, mahai propioetan edo partekatuetan.
Eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia, Elkartegian. Maitasunaren arbola, ipuin konferentzia epela izenburupean, erotikari buruz mintzatu da Joxemari Carrere ipuin kontalaria. Hain zuzen, erotismoa da azokaren gai nagusia. Horren inguruko bi saio antolatu dituzte: jostailu erotikoen erakustaldi bat astelehenean, eta mahai-inguru bat asteartean. Bestalde, Kurdistan da aurtengo herrialde gonbidatua, eta hainbat irakasle eta kazetari kurduk hango kulturaren, hizkuntzaren eta kazetaritzaren berri emango dute hainbat ekitalditan -eguraldiagatik Kurdistango hainbat kidek arazoak dituzte Euskal Herrira heltzeko-.
Imanol Urbietari emango dio Gerediaga Elkarteak Argizaiola Saria, umeei begirako musika landuz egin duen ibilbidea gogorarazi eta omentzeko. Gaur izango da ekitaldia, 20:30ean, San Agustin kulturgunean.
durangoko azoka
Eskaintza zabala Durangon asteazkena bitarte
10:30ean ireki dituzte ateak. Gauean emango diote Imanol Urbieta musikariari Argizaiola Saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu