Jorge Oteiza eskultorearen haserrealdi bortitz ugarietako baten motiboa izan zen Donostiako Ametzagaina muinorako landu zuen hilerri proiektua lehiaketatik kanpo geratu izana, 1985ean. Eskultura eta arkitektura uztarri berean elkartuz, Oteizak Juan Daniel Fullaondo, Marta Maiz, Enrique Herrada eta Maria Jesus Muñoz arkitektoekin eta Mario Ortiz eskultorearekin batera landu zuen egitasmo hura —261141 Izarrak alde izendatu zuten—, eta aurkezpena egitean maketaren argazkiak erabiltzeagatik geratu zen lehiaketatik kanpo. Egitasmo hari buruzko liburua argitaratu zuen iaz Oteiza Fundazio Museoak; orain, proiektu hartan oinarritutako hiru egitasmo hartuko ditu Donostiako San Telmo museoak hurrengo egunetan: egitasmoari buruzko erakusketa bat, artearen eta arkitekturaren arteko uztarketari buruzko jardunaldiak eta Oteizaren estetikari buruzko mintegi bat.
Hiru egitasmo horiek «unitate oso bat eratzen dute», Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendariak azaldu duenez. «Ez dira elkarren osagarri. Hirurek osatzen dute eraketa bakar bat». Hiru egitasmoen bitartez, eskulturak, eta arteak oro har, arkitekturarekin, hiriarekin eta, ikuspegi zabal batetik begiratuta, gizartearekin eta politikarekin dituen loturei buruzko gogoeta sustatu nahi dute antolatzaileek. Egitasmoen antolakuntzan, San Telmo museoarekin elkarlanean aritu dira Jorge Oteiza Museo Fundazioa eta EHUko Arte Ederretako Fakultateko Eskultura Sailaren Ikerketa Taldea. Sarrera doakoa izango da guztietan.
Oteiza eta monumentalitate berria. Izarrak Alde, Donostiarako hilerri bat erakusketak Jorge Oteizak eta Juan Daniel Fullaondok zuzendutako 261141 Izarrak alde proiektuaren berri ematen du, planoen, argazkien eta maketen erreprodukzioen bitartez, San Telmo museoko laborategian. Azaroaren 11ra arte izango da zabalik.
Oteiza eta monumentalitate berria. Artearen eta arkitekturaren arteko bateratzea herria eraikitzeko nazioarteko jardunaldietan, Marta Maiz, Enrique Errada, Ana Arnaiz, Javier Puldain, Xabier Laka, Teresa del Valle, Cesar Portela, Javier Maderuelo eta Renato Bocchi izango dira hizlari asteazkenetan. Gaur izango da aurreneko saioa, eta hilaren 31n azkenekoa. Hizlarietako bi, Marta Maiz eta Enrique Herrada arkitektoak, Ametzagainerako egitasmoa landu zuen taldeko kide izan ziren, Oteizarekin eta beste hainbat arkitektorekin elkarlanean; gaurko saioan ariko dira biak, 19:30ean.
Oteiza eta arteen sintesia. Estetika baten eraikuntza mintegian EHUko Arte Ederretako Fakultateko eta EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle eta irakasleek hartuko du parte, urriaren 17an.
«Oteizak Ametzagainerako landu zuen egitasmoak oso ondo erakusten du Oteizarentzat artearen espazioa, espazio fisiko hutsetik harago, espazio sozial, kultural eta politikoa zela», Juan Pablo Huercanos Jorge Oteiza Fundazio Museoko zuzendariordearen ustez. «Espazio horren zeregina pentsatzeko eta gauzen ordena zalantzan jartzeko ereduak sortzea» da.
Gogoeta egungo arkitekturaz
Ametzagainerako hilerri egitasmoa oso egokia da arkitekturaren egungo uneari buruz gogoeta egiteko, Ana Arnaiz EHUko Arte Ederretako Fakultateko Eskultura Saileko Ikerketa Taldeko kidearen ustez. Oteizak arkitektoekin elkarlanean landutako egitasmoetan «gaur egungo arkitekturan nagusitzen ari diren gehiegikeria askoren kontrapuntu egokia» aurki daitekeelakoan dago, izan ere, Arnaiz.
«Eskultura utzi zuela esan eta arkitektoekin elkarlanean hasi zenean, Oteiza ez zen inondik ere arkitektoa», Xabier Laka EHUko Arte Ederretako Fakultateko Eskultura Saileko Ikerketa Taldeko kidearen ustez. «Artearen eta arkitektoen arteko loturez aritzean, guk ez dugu esaten artea arkitektoen apaindura dela; guk beti esan izan dugu artea ez dela arkitekturari jartzen zaion ginga bat. Elkarren arteko lana aldarrikatzen dugu jatorritik, hasieratik. Lehendabiziko unetik lan egin behar dute elkarrekin arkitektoak eta artistak. Eta hori gertatu zen Ametzagainerako egitasmoaren kasuan Jorge Oteiza eta Juan Daniel Fullaondorekin. Hori da erakusketan eta jardunaldietan jendearengana iristea nahi ditugun ideietako bat».
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.santelmomuseoa.com
Jorge Oteiza
Eskultura politika gisa
Jorge Oteizak hainbat arkitektorekin batera hilerri baterako egin zuen egitasmoari buruzko erakusketa ireki dute San TelmonJardunaldiak eta mintegi bat ere izango dira hil honetan gai hori abiapuntutzat hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu