Eskulturei belarriak gozatuz omenduko dute Jorge Oteiza

Inaugurazio egunean 15 musika ekitaldi izango dira, Lazkano eta Sanchez Verduren estreinaldiak tartean

AITOR ABAROA DONOSTIA
2008ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako 69. Musika Hamabostaldia inoiz entzun gabeko doinuekin hasiko da, inaugurazio egunean bertan bi estreinaldi plazaratuko baituzte. Ramon Lazkano eta Jose Maria Sanchez Verduren obra berriak izango dira etzi entzungai.

Lehenengo musika notak Viktoria Eugenia antzokiaren Klub aretoan entzungo dira, 12:30ean hasita, Razvan Suma errumaniar biolontxelo jotzailearen eta Iosu Okiñena donostiar pianistaren eskutik. Bikotearen ekitaldia Ramon Lazkanoren Wintersonnenwende-2 (Neguko solstizoa) estreinatu gabeko lanean oinarrituko da. Okiñenaren hitzetan, «orain arte musikagileak egin duen guztia apurtzen duen lana da».

13:00etan, Kresala taldeak Euskal Suite dantza lore sorta euskal folklorean oinarritutako koreografia eskainiko du Bulebarrean. Emanaldia Haizearen Orrazian egingo dute berriro 20:00etan. Hurrengo ekitaldia Easo Abesbatzaren lorategian izango da, 17:30ean. Han, Araoz Txiki eta Easo Txiki haur abesbatzak arituko dira.

Ondoren, Jorge Oteiza omentzeko ordua izango da. Hasteko, 18:00etan, San Bizente elizako OteizarenPietatea eskulturaren oinetan, Ornitorrinkus bertso eta musika esperimentala uztartzen dituen ekitaldia ikusi ahal izango da. 20:00etan, aldiz, Eraikuntza hutsa artelanaren alboan, Pasealeku Berrian, Juan Mari Beltran eta bere taldeak Orhiko Xoria eskainiko dute.

Txillida Lekun ere 20:00etan izango da emanaldia. Iñaki Alberdi eta Iñigo Azpiolea soinu jotzaileek Jose Maria Sanchez Verduren Arquitectura de espejos lana estreinatuko dute, beste pieza batzuen artean. Azkenik, Pablo Sorozabal Haize Boskoteak emango dio amaiera inaugurazio egunari. Haize dantzak obra eskainiko du boskoteak Miramar jauregian, 22:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.