Antzerkiaren buelta osoa ezagutzen du Ramon Bareak (Bilbo, 1949). Izan da zuzendari, izan da idazle, izan da ekoizle, eta izan da aktore ere. Aktore, batez ere. Antzerkigizon erabatekoa. Ezaguna du antzoki handien dirdira, eta baita bere eskuz eraikitakoen nekea ere. Eta hori da Espainiako Antzerki Saria eman diotenean kontuan hartu dutena. Barearen "inplikazio" sakona. Ibilbide osoa aitortu diote. Eta horregatik epaimahaiko kideen erretratua: "Antzerkiari osoki emandako gizona". 30.000 euroko saria da.
Bere kasa ikasi du ofizioa Bareak. Begira-begira. Antzerkia irentsiz."Nahiago nuke maisuak izan banitu. Baina, bestalde, iruditzen zait errealagoa izan dela nire ikasketa prozesua. Presa gutxiagokoa". Kasik gaixotasun gisa deskribatzen du ofizioa: "Ez dakit zoramen ukitu bat ote den, patologia moduren bat". Comicos de legua eta Karraka izeneko antzerki taldeen sortzaile. Abangoardiako lanak egiten hasi zuen bere ibilbidea, eta etenik gabe aritu da geroztik lanean. Lan konbentzionalagoak, eta arrisku handiagokoak tartekatuz. Espainiako Zentro Dramatikoan izan zen ekainean, adibidez, "Hoy Ultima función" eskaini zuen udan Pabiloi 6n (berak idatzi eta gidatua, eta urrian berriz ere Madrilen, Valle Inclan idazlearen komediak jokatzen.
Handian eta txikian
Antzerkiari emana. Pabiloi 6 antzokiko oholtzan egin zion elkarrizketa udan BERRIAk. Zulagailu bat eskutan zuela. Esku lanetan, eta halere eroso. Eta detaile horrek eman dezake Bareak antzerkiaz duen ikuspuntuaren nondik norakoaren berri: "Antzoki ofizial batean zaudenean, bereizita egoten dira gremioak. Aktorea heltzean, agurtu egiten dute, eta prest izaten du beti aldagela. Izar sentipen handia ematen du horrek. Ni, ordea, furgonetak kargatuz eta deskargatuz aritu naiz antzerkian beti. Ulertzen dut antzoki ofizialetan halakoak egotea, eta ongi dago hori, baina ni zulagailuarekin egoten naiz eroso". Horixe aurten Espainiako Antzerki Saria jaso duen antzerkigilearen erretratua.
Luzea da haren antzerki lanen zerrenda. Hor dira, besteak beste, Bilbao, Bilbao; Euskadi, Euskadi, Palabrarismos, Alias Molier eta Okupado piezak. Eta sari sorta jasotakoa da aurrez ere: Bost bider jasoa du, adibidez, Bilboko kritikariek ematen duten Ercilla saria. Eta zineman ere ibilbide oparoa du: Imanol Uribe, Álex de la Iglesia, Montxo Armendariz eta Juanma Bajo Ulloa zuzendarien esanetara aritua da, eta badu berak egindako filmik ere. Berak zuzendu ditu Pecata minuta eta El coche a pedales filmak. Eta egina du arte eszenikoen inguruko dokumental bat ere: Nos sentamos a Hablar izenekoa.
Antzerki konpainia nazionala
Kritikoa da haren diskurtsoa antzerkigintzari buruzko politika publikoarekin. Euskal Herriko egoerarekin kexu: "Euskal Herrian ez dago Euskadiko Antzerki Konpainia Nazionalik, ez eta jarraian lan egiteko aukera eskaintzen duen Udal Antzerki Konpainiarik ere. Ez dago hamabost egunez jarraian lan egiten duen jenderik. Bi edo hiru egunez jokatzen dira lanak hemen, eta desagertu egiten dira gero. Saltoka bezala. Bestela ere aritzeko zortea izan dut nik, ordea, eta halakoetan konturatu naiz saltoka aritze horrek dakarren arazoaz. Jokatu ahala, hazi egiten da antzezlana, mamituz joaten da pieza. Jarraikako hogeigarren emanaldian ohartu zaitezke, baietz, pertsonaia orduan duzula benetan kontrolpean".