Espainiako Gobernuak dio Donostia hautatzeko prozesua zuzena izan zela

Ikerketak berretsi egin du inpartziala izan zela Europako 2016ko kultur hiriburua izendatu zuen epaimahaia

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Donostia 2016ko Europako hiriburu hautatzeko prozesua zuzena eta gardena izan zela ebatzi du Espainiako Kultura Ministerioak, atzo argitaratutako agiri baten arabera. «Hautaketa erabateko gardentasunez eta objektibitatez egin da, eta hala hasierako hautaketa nola azkenekoa erabakiak hartzeko bestekoak diren gehiengo argiekin gauzatu dira», agiriaren arabera, eta proiektuak «soilik irizpide teknikoei erreparatuta» ebaluatu ditu Hautaketa Batzordeko epaimahaiak.

Agiriak, gainera, Cristina Ortega Nuere epaimahaiko kidearen inpartzialtsuna berresten du, Donostiako hautagaitzari laguntza eman ziola zioten salaketak gezurtatuz. Agiriaren arabera, Ortega Nuerek ez zuen parte hartze aktiborik izan Donostiako hautagaitzan, eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteriaren Kontseiluan parte hartzea ez da bateraezina Hautaketa Batzordeko epaimahaikide izatearekin.

Kultura Ministerioaren agiriak dioenez, Europako Batzordeak ere ez du inongo irregulartasunik atzeman. Europako Batasuneko Kultura Ministroen Kontseiluak berretsi behar du oraindik epaimahaiaren erabakia, 2012an, baina azken pauso horretarako egin beharreko guztia egina du dagoeneko Donostiako hautagaitzak.

Ekainaren 28an eman zuen epaimahaiak Donostiaren aldeko erabakiaren berri, Burgos, Las Palmas, Kordoba, Segovia eta Zaragozako hautagaitzak baztertuta. Kordoba eta Zaragozako hautagaitzaren ordezkariek, Jose Antonio Nieto eta Juan Alberto Belloch alkateak buru zituztela, Donostiaren aldeko epaiaren atzean «irizpide politikoak» zeudela salatu zuten lehen egunetan, eta, ondoren, Cristina Ortega Nuere epaimahaikidearen partzialtasuna argudiatu zuten erabakiaren aurka azaltzeko, igortzaile anonimo batek igorritako dokumentazioan oinarrituta. Dokumentazio horren arabera, Ortega Nuerek hautagaitza hobetzeko gomendioak egin zizkien Donostiako hautagaitzaren ordezkariei. Salaketa horien guztien aurrean, Donostiaren izendapena ikertuko zuela iragarri zuen Espainiako Gobernuak, eta atzo eman zuen ikerketaren emaitzaren berri, esanez ez zela inolako irregulartasunik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.