Jose Ignacio Wert Espainiako Kultura ministroak kontseiluaren ondoren adierazi duenez, gaur onartutako Jabetza Intelektualaren Legearekin jabetza intelektuala urratzen duten webguneen aurka neurriak hartzeko aukera handiagoa egongo da, eta horien barruan kokatu ditu edukiak sarera igotzen dituztenei loturak eskaintzen dizkietenak ere. Arau berriarekin, eskubide batzuen jabeak estimatzen badu norbaitek baimenik gabe partekatu duela bere obra, partekatzen duen webgunearen arduraduna identifikatzeko eskatu ahal izango dio epaileari. Egile eskubideak urratzen dituzten edukiak kentzen ez badituzte, Jabetza Intelektualaren Batzordearen Bigarren Sailak hirugarren pertsona edo erakundeen kolaborazioa eskatu ahalko du; hala nola, ordainketa elektronikoa bideratzen duen zerbitzuarena edota publizitatea jartzen duenenarena. Zigorrak 30.000 eta 300.000 euro artekoak izatea aurreikusten du legeak.
Lege berriak komunikabideen edukietan ere izango du eragina. Wertek azaldu duenez, argitaratzaileek konpentsazioa jasoko dute euren edukien zatiak erreproduzitzean. Albisteak jasotzen dituzten atariek informazio, iritzi eta entretenimendu zati "ez adierazgarriak" erabiltzeko eskubidea ezartzen du lege berriak. Horretarako ez dute baimenik behar izango baina "bidezko konpentsazio" bat ordaindu beharko dute. Wertek, ordea, ez du azaldu ordaindu beharrekoa nola erabakiko den. Neurri horretatik geratuko dira argazkiak, haien erabilera beti egin beharko baita baimenarekin.
Espainiako Gobernuak onartu ondoren, Jabetza Intelektualaren Legea Kongresuan eztabaidatuko dute hura behin-behinean onartu baino lehen.