Esperimentu esperpentikoa

Mikel Martinez farmazia industriaren bazterretan barrenduko da 'L-KM' «komedia basatian»

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Nor ez da behin edo behin kezkatu, harritu edo asaldatu azkeneko urteetan agerturiko gaitz guztiekin? Hegaztien gripea, behi eroen sindromea edo A/H1N1 gripearekin? Aldiro-aldiro, ondorio apokaliptikoak dauzkaten gaitzak azaldu egiten dira (edo asmatu egiten dituzte). Eta herritarrak izutu egiten dira (edo beldurrarazten dituzte). Eta ikara horrek etekin komertzial bat eragiten du. Ondotxo dakite L-KM Larria Kutsakorra Mendebaldekoa «komedia barbaroko» hiru pertsonaiek. Mikel Martinezek antzeztuko ditu hiru rolak, eta etzi estreinatuko du haien komeriekin onduriko lana, Durangoko San Agustin kulturgunean, 20:00etan.

«Gai serioez» umorearen bidez ere hausnar daitekeela sinetsita daude obraren hiru sortzaileak, alegia, Martinez bera, Patxo Telleria eta Jokin Oregi. Hiru eskutara landutako komedia baita. Gai horren inguruan hitz aspertu luzeak izan dituzte hirurek. Telleriak hartu zuen ideia guztien bilduma eginez testu bat idazteko ardura, eta Oregik zuzendu du, batik bat, taula gaineko jarduna.

Komedia «basatia» dela nabarmendu dute. «Zenbait egoera muturrera eramanak daude, eta badu zerbait esperpentotik», esan du Martinezek. Horretaz gain, gaia bera nahiko basatia dela eta jendeak basatiki barre egingo duela espero du. «Aterako dira pentsatuz 'zein gogorra den hau eta zenbat barre egin dugun'». Galduak, nolabait. Baina hausnarrerako gogoeta askorekin. Dioenez, ez dituzte konpainia farmazeutikoak «deabruaren pareko» jarri nahi. «Zer-nolako boterea duten azaldu nahi dugu, zer-nolako dirutza egiten duten, eta beste botere batzuekin zer-nolako harremanak dauzkaten, dela agintariekin, dela hedabide talde handiekin. Eta esan nahi dugu, gutxien-gutxienez, erne egon behar dugula, eta kritikoak izan».

L-KM Larria Kutsakorra Mendebaldekoa antzezlanean, farmazia industriako enpresa bat esperimentu bat egitera doa. Gripe suntsigarri baten aurkako sendagaia asmatu behar du, nola edo hala. Eta, horretarako, pertsonekin esperimentatu behar du botika. «Horrela enpresa pribatu horrek milioika bizitza salbatuko ditu, eta bide batez... dirutza itzela atera!», dio Tartean konpainiaren obra berriaren aurkezpen orriak.

Esperimentu horretan, pentsaera eta izaera arras desberdineko hiru lagunek topo egingo dute. «Egoera berbera bizi izanagatik, oso desberdin erreakzionatuko dute», adierazi du Martinezek. Hiru rolak jokatuko ditu, ordubete luzeko bakarrizketa osatuz. «Haietariko bat enpresa farmazeutikoen aldekoa da. Beste bat bazterrekoa da; kartzelan egona da droga trafikatzeagatik. Hirugarren eta azkena oso pertsona ona da, lar ona, gehiegizkoa». Nork modu batera ulertuko ditu gertaerak, eta ondorioz, bere erara erantzungo du.

Haatik, diskurtso bakarra izango du antzezlanak, hau da, bakarrizketak ez du etenik izango, eta pertsonaia batetik bestera egingo du jauzi Martinezek, haria eten gabe. Hiruren arteko lotura horiek hitz-jokoen bidez egingo ditu, dramaturgiako joko bizi eta gatzdunak baliatuz. «Batek hitz batekin amai dezake hizketaldia, eta besteak hitz horrekin abiatu berea, nahiz eta hitz horrek guztiz esanahi desberdina izan batentzat eta bestearentzat», azaldu du Martinezek. «Akzio berberak ondorio desberdinak sortzen ditu, nork egiten duen. Bada, hitz berberak esanahi desberdinak ditu, nork esaten duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.