Zure nazioaren arimak deitu zizun eta mezu bat utzi zizun. Zazpi mezu». Horrelaxe definitu du Drag City diskoetxeak Bill Callahanek bere izenpean grabatu duen hirugarren estudioko diskoa. Ez doa oker Apocalypse-ren arima azaltzean, AEBen historia laburraren arrastoak antzeman baitaitezke zazpi kantu hauetan; inoiz ez modu agerikoan, baina beti presente. Mendebalde Urruneko lur idorrak kantu hauetaz jabetu izan balira bezala. Hitzez nahiz doinuez.
Woke on a Whaleheart-ek (2007) eta batik bat Sometimes I Wish We Were An Eagle-k (2009) Callahanek urteetan eginiko bidearen helmuga eman zezaketen. Lo-fi izpiritua eta iluntasuna atzean utzi eta argia nahiz klasikotasuna besarkatzeko ahalegin gloriosoak. Azken hartako Jim Cain edota Too Many Birds-ek Callahan gertuko bat aurkezten zuten, moldaketa dotoreek lagunduta hazi eta hazi egiten ziren kantu maiestatikoak egiten zituena.
Apocalypse ezberdina da. Drover hasten denetik («The real people went away, I'll find a better way someday, leaving only me and my dreams, my cattle and a resonator»), eta zirkulua itxiz One Fine Morning-ekin agur esan arte («We're going to ride out in a country kind of silence»), Callahanen azkenak ehundura zimurtsuak biltzen ditu. Gitarra distortsionatuak, perkusio erritmo indartsuak eta westernetako txirulak uztartzen ditu Drover obsesibo bezain ederrean, country blues egituretan murgiltzen da (Baby's Breath), umorea baliatzen du kanturik estrainio eta bihurrienean Amerikari begiratzeko (America), eta 70eko hamarkadako jazz-funk-blues soinuei keinu egiten die —Universal Applicant ez dago John Mayallen The Turning Point-etik edota Gil Scott-Heronengandik hain urruti—. Riding For The Feeling Callahanen diskoetan inoiz falta ez den kantu malenkoniatsu eta dotorea da, country-folk eskemetara ondoen egokitzen den gailurra, eta Free's erdi inprobisatua dirudien kantu txiki baina miragarria da.
Apocalypse-k ez du, agian, Someday I Wish... gainditzen. Baina ez du horren beharrik ere. Cesar Estabielek musicaenlamochila.net blogean idatzi duen bezala, Apocalypse bere AstralWeeks partikularra da. Van Morrison inoiz baino askeago zeneko espiritua dariolako Callahanen azkenekoari—horren lekuko da One Fine Morning zirraragarria, Belfastekoaren klasiko hartan lekua izango zuena—. Smog izenarekin ezagutu genuen gazte herabe hura espiritu libre bihurtu dela erakusten du, loturarik gabekoa, eta etorkizunari begira galdera ugari egiten dizkigu. Gaur egun ezinezkoa baita Callahanek zein norabide hartuko duen asmatzea.
Musika. BILL CALLAHAN.Diskoa:'Apocalypse'.Diskoetxea:Drag City.
Espiritu askea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu