2012ko Gure Artea sarietako epaimahaiak eman du irabazleen berri: Esther Ferrer (Donostia, 1937) bere arte ibilbidearengatik saritu dute, Sergio Prego (Hondarribia, 1969) sorkuntza lanarengatik, eta Xabier Saenz de Gorbea (Areatza, 1951) arte bisualen arloan egindako ekarpenarengatik.
Honakoek osatu dute epaimahaia: Fernando Golvano EHUko Filosofiako fakultateko irakasle eta arte kritikoak (epaimahaiburua); Aimar Arriola komisario eta ikertzaileak; Alicia Fernandez historiagile eta arte kritikariak, eta Ana Roman eta Maider Lopez artistek. Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Golvano epaimahaiburua izan dira prentsaurrekoan.
65.000 euro banatzen dira Gure Artea sarietako irabazleen artean: 25.000 euro ibilbideagatik eta sormenagatik saritzen dituztenentzat, eta 15.000 euro ikusizko arteen sailean irabazten duenarentzat.